Garraio publikoaren arloan hobekuntzak egiteko pausoak ematen ari da Goizuetako Udala, eta bide horretan, herri batzarra deitu du gaur arratsalderako. Udaletxeko ganbaran izanen da, 18:00etan hasita; eta herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbitea, bereziki autobus zerbitzua erabiltzen dutenei.
Izan ere, haiekin kontrastatu nahi dute informazioa, eta goizuetarren beharrak, iritziak edota ekarpenak zein diren ezagutu, horiek kontuan hartzeko, garraio publikoa hobetzeko erabaki eta ekimenetan.
Une honetan, Hernanira eta Leitzara dauka autobus zerbitzua Goizuetak, eguneko ordu jakinetan. Hernanira joateko autobusa izaten da 09:00etan, 14:45etan eta 17:00etan, eta bueltatzekoa 12:00etan, 15:30etan eta 19:00etan, astegunetan. Leitzara, berriz, 05:00etan, 13:00etan eta 21:00etan dago joaneko autobusa, eta 06:00etan, 14:00etan eta 22:00etan bueltakoa.
Ordutegi horiek egokiak diren, aproposagoak zein liratekeen eta horiek nola moldatzea komeni den galdetuko diete herritarrei gaurko batzarrean, besteak beste.
Garraio publikoa hobetzeko bidean eman nahi izan zuen beste pauso bat ere Goizuetako Udalak, joan den uztailean, herrian bi taxi lizentzia esleitzeko erabakia hartu eta deialdia zabalduta; baina horietako bat hutsik geratu zen azkenean. Ceferino Apezetxeak soilik eskaintzen du taxi zerbitzua.