Binakako Txapelketa Nagusian debuta eginen du Alize Sagardui goizuetarrak, astearteko Kronikan iragarri bezala. Egun horretan bertan aurkeztu zuten Emakume Master Cup zirkuituko hurrengo torneoa, eta elite mailan estreinakoz ariko da Sagardui, promesetan Lau t'erdikoa irabazi berritan, 14 urte besterik ez dituela. Enara Gaminde laukiztarra izanen du bikotekide atzeko koadroetan; hain juxtu, eliteko Lau t'erdikoa irabazi duena, eta une honetako esku pelotaririk onena.
Asteburu honetan bertan hasiko da txapelketa, Etxebarrin eta Sopelan; eta zazpi bikote ariko dira lehian: Sagardui eta Gaminderekin batera, Arrizabalaga-Bergara, Aldai-Arrillaga, Ruiz de Infante-Mendizabal, Zabaleta-Bertiz, Etxegarai-Capellan eta Ibarrola-Erasun.
Ligaxkan denek denen kontra jokatuko dute, eta lau onenek eginen dute aurrera, semifinaletara. Martxoaren 8an jokatuko dira semifinalak Agurainen, eta finala hilaren 22an. ETB1ek zuzenean eskainiko ditu azkeneko bi jaialdi horiek.