Lau t'erdiko Txapelketa irabazi du Alize Sagardui goizuetarrak, promesa mailan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 23a

Alize Sagardui (erdian), promesa eta gazte mailetako gainerako finalistekin, Gernika-Lumon.

Emakume Master Cupeko kaiolako txapela jantzi du Sagarduik, Gernika-Lumoko finalean Marta Gomez ortuellarra menderatuta (18-8). Txapelketa osoan erakutsitako nagusitasuna berretsi zuen goizuetarrak igandean.

Txapelketa bikaina borobildu, eta ederra egin du Alize Sagardui goizuetarrak: Lau t'erdiko txapela jantzi du, finalean Marta Gomez ortuellarra 18-8 menderatuta. Torneo osoan zehar nagusitasun haundia erakutsi du Sagarduik, eta bere maila berretsi zuen igandean, Gernika-Lumoko Santanape frontoian jokatutako finalean: hasi eta buka gailendu zitzaion Gomezi.

Horrela, Emakume Master Cupeko kaiolako txapela gehitu die goizuetarrak, aurrez lortutako Binakako Txapelketari eta Nafarroako Irekiari. Erronka haundiagoei aurre egiteko moduan dela erakutsi du, eta halaxe izanen da: elite mailara saltoa emanen du laster hasiko den Binakako Txapelketan, oraindik 14 urte besterik ez izan arren.

Salaberriak eta Gaskuek, porrot mingarria Binakakoan

Gernikan bertan jokatu zuten Iker Salaberriak eta Andoni Gaskuek, finalen ondoren, B serieko Binakakoaren partidua. Porrot mingarria jaso zuten goizuetarrak eta ultzamarrak: 21-22 galdu zuten Jon Ander Peñaren eta Ruben Salaverriren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!