Ez dute ondo hasi aurtengo Binakako Txapelketa, B seriean, Iker Salaberria goizuetarrak eta Andoni Gaskue ultzamarrak. Iaz txapela jantzi ondoren, ligaxkako aurreneko bi partiduak galdu dituzte oraingoan, eta gaur dute estreinako garaipena lortzeko aukera: Amorebietan jokatuko dute ligaxkako hirugarrena, iluntzeko 20:45etan hasita, Rekalderen eta Bikuñaren kontra.
Hain juxtu, oraindik garaipenik gabe dira kontrarioak ere, eta beraz, garrantzitsua izanen da lehenengo puntu hori eskuratzea, sailkapenean gehiago ez atzeratzeko. Izan ere, ligaxka oso luzea den arren, orain pilatu gabekoen falta sumatzen da gerora.