XXI. Goizuetako artisau eta nekazari feria ospatuko da larunbat honetan. Goizeko 10:00etan hasiko da festa eta ordu txikietara arte izango da egitekoren bat Goizuetan. Antolakuntzak ohartarazi dutenez, bolondresak behar dira eguna aurrera atera ahal izateko, eta gaur da izena emateko azken eguna. Beraz, apuntatzeko aukera duenak, udaletxera edo Amaia kafetegira hurbildu beharko du apuntatzera.
10:00etan emango diote hasiera feriari, tartean egongo dira talogileak, trikitilariak eta erakusketa postu ezberdinak. 12:00etarako herri kirolak antolatu dituzte. Malen Barrenetxea eta Nerea Arruti aizkoran eta Beñat Telleria harria jasotzen arituko dira. 14:30etan hasiko da herri bazkaria eta menu konpletoa izango dute: bertako babarrunak, Betizu gisadoa eta postre goxoa. Arratsaldean txaranga ibiliko da herrok kaleetan barrena eta eguna luzatu nahi duenarentzat, gaztetxean kontzertuak eta dj-a egongo dira.
Herri bazkarirako txartela
Herri bazkarian parte hartu nahi duenak txartela erosi beharko du Amaia kafetegian edo 948 51 42 42 telefono zenbakira deituta. Langileek txartela eskuratu ahal izango dute 25 eurotan. 0-3 urte bitarteko haurrentzako dohainik izango da, 4-12 urte bitarteko gazteentzako 6 eurotan eta ikasle eta langabetuentzako 18 eurotan.
Bolondresak behar dira
Trafikoa eta aparkalekua antolatzeko eta igandean garbiketa lanak egiteko bolondresak behar dira. Trafikoa kontrolatzen orotara 9 lagun behar dira, 9:30etatik 11:30etara, 11:30etatik 12:30etara eta 12:30etatik 13:30etara izango dira txandak, eta hiru laguneko taldeak behar dira. Aparkalekua antolatzeko, berriz, lau laguntzaile behar dira, 9:30etatik 11:30etara. Azkenik, feriaren ostean, igandean, garbiketa lanak egiteko deia luzatu diete herritar guztiei.