Goizueta, aniztasun eta kolorez jantzi zen

Iñigo Goñi Iradi 2025eko azaroaren 22a

Nikaraguako haur batek dantza tradizionala eskaini zuen, 'Por un pedazo de cielo mi Nicaragua se formó' abestiarekin.

Udaletxeko ganbara kolorez jantzi zen azaroaren 16an. Herriko kultur aniztasuna ospatzeko eta balioan jartzeko 'Goizueta Koloretan' festa ospatu zuten eta 80 herritar inguru bildu ziren. Honduras, Brasil, Nikaragua eta Kolonbiako jatorria duten herritarrak gehiago ezagutzeko bidea eman zuen hitzorduak.

 

Goizuetako Udaletxeko Ganbaran herriko kultur aniztasuna ospatzeko eta balioesteko ekitaldi berezia egin zen: Goizueta Koloretan. Guztira, 80 herritar inguru bildu ziren, ekitaldi koloretsu eta ezberdin bat plazaratuz. Goizuetako Udala, Goizuetako eskola, Fundación Emplea, Oinarrizko Gizarte Zerbitzua, herriko gazteak eta herrian bizi diren kultura ezberdinetako familiak izan dira proiektua bultzatu dutenak.

Ekitaldia modu berezian hasi zen: Nikaraguako haur batek bere herrialdeko dantza tradizionala eskaini zuen, Por un pedazo de cielo mi Nicaragua se formó abestiarekin lagunduta eta jantzi tipikoekin.

 

Kulturak istorio bihurtu ziren: lau herrialde, lau ikuspegi

Sarreraren ostean, kulturen txanda iritsi zen. Goizuetan bizi diren hainbat familiek -Kolonbia, Nikaragua, Brasil eta Honduraseko jatorria dutenek- hitza hartu zuten, eta herriari haien istorio pertsonalak eta etortzearen atzean egon diren arrazoiak partekatu zizkioten. Herrialde bakoitzeko kultura, ohiturak eta tradizioak azaldu zituzten, argazkien, objektuen eta oroitzapenen bidez aberastuta. Halaber, hizkuntzaren erronkei buruz aritu ziren, egunerokoan sortzen diren oztopoak nola bizi dituzten azalduz; eta, azkenik, Goizuetan bizitzera egokitzeko prozesua kontatu zuten, herri txiki batek izan ditzakeen zailtasunak eta, aldi berean, komunitatearen babesa eta gertutasuna nola jaso duten gailenduz.

Hiru helburu nagusi landu ziren modu informalean: kulturen arteko elkatrukea, herrialde ezberdinak balioan jartzea, eta estereotipoak haustea. Herritarrek galdera ezberdinak egin zituzten interesa eta errespetua erakutsiz, topaketa are gehiago aberastuz.

 

Eskolaren aurkezpena: kulturartekotasuna landu zuten txikienek ere

Kultur aniztasunaren balioa ez da soilik nagusien artean landu behar den zerbait, horregatik, Goizuetako eskolak ere bere ekarpena egin zuen, ikasleek gelan egindako lana herrira ekarriz. Hizkuntza aniztasuna ulertzea eta partekatzea altxor berezia denez, eskolako ikasleek hizkuntza ezberdinak landu dituzte, eta ekitaldira alfabeto baten tailerra ekarri zuten, jendea bere izena beste hizkuntza batean idaztera gonbidatuz. Horrez gain, Ukrainako errezetekin egindako proiektua aurkeztu zen, herrian bizi den familia batekin duen lotura zuzenak proiektuari esanahi berezia emanez. Atal honek argi utzi zuen kulturartekotasuna eta aniztasunaren ulermena hezkuntzaren bidez modu eraginkorrean landu daitezkeela. Txikienek egindako lana ikusmira bihurtu zen, eta nabarmen gelditu zen kultur aniztasuna herri osoaren kontua dela, belaunaldi guztiena eta lantzen jarraitu behar den zerbait.

Ekitaldia amaitzeko, herrialde guztietako pintxoak dastatzeko aukera izan zen. Familiek egindako lan bikainari esker, jatorriko zaporeak, usainak eta errezetak izan ziren protagonista. Mahaien bueltan elkarrizketa berriak, eta loturak sortu ziren.

 

Kultur aniztasunak herria bizirik mantentzen duen zerbait da

Amaieran, Goizuetako Udalak nabarmendu zuen kultur aniztasunari esker mantentzen dela Goizueta kolorez eta bizitzaz beteta. Komunitate zabal eta anitz batek herriari etorkizuna ematen dio, eta polita litzateke ekimen hau urtero errepikatzea eta urtean zehar kulturarteko lanean jarraitzea.

Goizueta Koloretan ekitaldiak argi utzi zuen aniztasuna ez dela soilik errespetatu beharreko zerbait: ospatu beharreko aberastasuna dela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!