Joan den urtean lortutako balentriaren ondoren, Serie Bko Binakakoaren txapela defendatzeko moduan izanen dira Iker Salaberria goizuetarra eta Andoni Gaskue ultzamarra: elkarrekin jokatuko dute aurtengo txapelketa ere, Aspek asteartean iragarri zuenez. Larunbatean hasiko dute txapelketa, eta Darío Gómez eta Carmelo Loza errioxarrak izanen dituzte aurreneko kontrarioak, Logroñoko Adarraga frontoian, arratsaldeko 17:15etan hasita. Ligaxkarekin ekinen diote torneoari, eta zortzi bikote ariko dira lehian, bi itzulitara. Horrela, bikote bakoitzak 14 partidu jokatuko ditu aurreneko fase honetan, kanporaketetara sailkatzeko helburuarekin.