Aitor Aizkorbek mendi duatloien zirkuitua irabazi du bikoteka, Koldo Herrerarekin

Kronika - Erredakzioa 2025eko azaroaren 18a

Koldo Herrera eta Aitor Aizkorbe, Adunako azkeneko proba hasi aurretik.

Goizuetarrak eta sunbillarrak zazpi probatatik bost irabazi dituzte, eta txapela jantzi dute Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituan.

Ederra egin dute Aitor Aizkorbe goizuetarrak eta Koldo Herrera sunbillarrak, azkeneko bi hilabeteotan. Bikoteka aritu dira Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituan, errelebo proban: Aizkorbek egin ditu mendi lasterketa sektoreak, eta Herrerak mendi bizikletakoak. Eta nabarmen onenak izan dira modalitate horretan: zirkuituko sailkapen nagusian gailendu dira, jokatutako zazpi probetatik bost irabazita; eta txapela ekarri dute.

Zehazki, Asteasun, Idiazabalen, Aian, Ibarran eta Adunan nagusitu dira goizuetarra eta sunbillarra. Adunakoa izan zen azkeneko proba, joan den larunbatean. Ordurako ziurtatuta zeukaten sailkapen nagusiko txapela, baina modurik onenean borobildu zuten zirkuitua, bosgarren garaipena lortuta.

Beste probetako batean, Kanpezukoan, bigarren izan zen bikotea. Eta emaitza horietan falta den probak badauka berezitasunik: Durangoko proban, Herrerak ezin izan zuen parte hartu, azken orduko arazo bat tarteko; eta bakarrik aritu zen Aizkorbe. Alegia, errelebo proban lehiatu arren, lan bikoitza egin zuen goizuetarrak, berak osatu baitzituen korrikako bi sektoreak eta bizikletakoa. Eta hala ere, 12garren sailkatu zen, 44 bikoteren artean.

Gauzak horrela, zirkuitu bikainaren saria jaso du Aizkorbek, larunbatean Adunan jantzitako txapelarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!