Umore Onaren baitan dauden azpitalde guztiek Atalen Eguna antolatu dute gaurko, eta horrenbestez, festarako aitzakia ederra izanen dute goizuetarrek. Goizeko 10:00etan hasiko da eguna, Umore ona pilota elkarteko umeen lagunarteko partiduekin, eta gero, 11:30ak aldera, frontoitik bertatik abesbatzarekin eta dantzariekin herriko kaleak girotzera aterako dira denak. Eguerdi partean, mokadutxoa jateko tartea ere izanen dute, Umore Ona Elkartean antolatutako luntxarekin. Gaur jai giroa baina bihar... bihar mendi buelta ederra eginen dute, goizeko 08:00etan aterata, Umore Ona mendi taldeak antolatuta.
Aspalditxotik datorren kontua, Atalen Eguna
Makina bat goizuetar dabiltza Atalen egunaren antolaketan, eta azaldu digute azken urteetan ez dutela hutsik egin: «urtero ospatzen dugun egun bat da. Gure asmoa da Umore Ona osatzen duten elkarteak elkartzea, denok osatzen baitugu Umore Ona! Era berean, izena mantentzeagatik ere elkartzen gara, eskerrak emateko urte luze hauetan elkarteetan aktibo jarraitzen duten horiei. Horrez gain, egun berezi bat ospatzeko aitzakiagatik ere antolatzen dugu».
Urte asko daramazkite goizuetarrek Atalen Eguna ospatzen, eta bide horretan jarduteko asmoa dutela erakutsi dute: «espero dugu Atalen Eguna antolatzen jarraitzea datozen urte luzeetan. Elkartearen egutegiko egun garrantzitsu bat da, urtero errepikatu ahal izateko eta normalean azaroaren erdialdean egin ohi dugu»
Antolaketa lanetan jardun dute Umore Ona elkarteko zenbait kidek, eta dena prest dute gaurko egun haundirako: «erabakitzen dugu zer nolako egitura hartuko duen Atalen Egunak, eta zein izanen den ekintza bakoitzaren ordutegia. Elkarteko komisioko kideak egiten dugu lan hori, eta gaur bertan elkartuko gara luntxa prestatzeko, etortzen direnek gozatu dezaten!».