Azaroa hilabete mugitua izan ohi da Goizuetan. Gaztetxen Euna ospatu zuten pasa den asteburuan, eta oraingoan Etorkinen Eguna ospatuko dute herrian. Beste herri batetik Goizuetara bizitzera iritsi direnak izango dira eguneko protagonistak, bertako jendea inguruan dutela. Eguneko leloa argia da: «Etorkinak ttirriki-ttarraka, biño ez banaka».
Azken asteetan bazkarirako txartelak salgai egon dira Zubiondon eta Amaianen, eta parte hartze ederra izango da aurtengoan ere. Egun hau kanpotik etorritakoen eta bertan jaiotakoen arteko harremanak sendotzeko aitzakia da, herriko giroa bizitzeko.
Eguerdiko 13:00etan Zubiondon jarri dute hitzordua. Bertan pare bat trago hartzeko aukera izango du edonork, eta animatzeko deialdia egin dute antolatzaileek: «Neska, mutil, gazte, zahar... Goizuetako etorkinak jatorrak eta bikainak». Ondoren, eguerdiko 14:30ak aldera, Oxeguardara lekualdatuko da festa, eta bertan luzatuko dira bazkalostean ere.
Festak ez du etenik izango datozen asteetan
Gaurkoa azaroko bigarren festa eguna dute Goizuetan, eta beste bi ospakizun izango dituzte hilabetea bukatu aurretik. Datorren larunbatean Umore Ona elkarteak antolatutako Atalen Eguna ospatuko dute; eta hilabeteko azken larunbatean, azaroaren 29an, Feri Eguna.
Bi egun esanguratsu dira goizuetarrentzat, eta inguruko herrietako jende ugari bertaratzen da festara.
Umore Onaren adar guztiak elkartuko dituzte datorren larunbateanAzaroaren 15ean ospatuko dute Umore Onaren Atalen Eguna. Askotariko jarduerak prestatu ditu elkarteak aurtengoan ere. Umore Ona Elkarteko kideentzat asteburu garrantzitsua izango da hurrengoa. Azaroaren 15ean ospatuko dute Atalen Eguna, eta Umore Onaren barruan dauden azpitalde guztiek batera ospatuko dute, bakoitzak bere aletxoa jarrita. Larunbatean ez ezik, igandean ere mendi irteera batekin emago diote jarraipena ospakizunari. Prestatutako jardueretan parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea. AZAROAK 15 10:00 Pelota partiduak. 11:30 Abesbatza eta Dantzariak herriko kaleak alaituz. 13:00 Luntxa atalentzat. AZAROAK 16 08:00 Mendi irteera. |