Lehenengo aldiz ospatuko da gaur Gaztetxen Euna Goizuetan. Asanbladako kideek diotenez, «gogo haundiz» antolatu dute egun hau, eta Udalak ere aurreratu du «egun seinalatua» izango dela. Hilabeteetako lanak jardueraz beteriko kartela ondu du, eta gaur, gozatzeko eguna izango dute goizuetarrek. Goizean dultzaineroak, ondoren herri kirolak, txaranga, bazkaria eta jan-edanaren ostean, kontzertuekin amaituko dute gaua gaztetxean.
Azken denboraldiari erreparatuta, aspaldi ez duela antolatzen Gazte Asanbladak egun osoko egitaraurik, eta hasieran galduta sentitu arren, kartel polita plazaratu dute: «Hilabete batzuk pasatu ditugu dena antolatzen, baina jada eguna ailegatzeko gogoekin gaude. Guretzat hain programa betea antolatzea berria denez, hasieran galduta ikusi gara, baina elkarri lagunduz lortu dugu aurrera ateratzea», azaldu du Urko Apezetxeak, Gazte Asanbladako kideak.
Udalak ere, bere aldetik, egun seinalatua izango dela azaldu du: «Herriko gazteen grinak eta herriaren indarrak batuta, egun ederra ospatuko dugu Goizuetan». Herrian antolatuta dauden gazteen lana txalotu du Udalak, eta beste behin, herriko gazteak herriari zerbait desberdina eskaintzeko gai izan direla goraipatu du: «Indartsu datoz, egitarau borobila eskainiz. Herriko gazteek gogoz, ilusioz eta motibazioz beteta daude eta antolatzeko eta herriari zerbait desberdina eskaintzeko gai direla argi utzi dute. Guzti hau, txalotzekoa da». Harrotasunez, gazteak zoriondu ditu: «Hor ikusten baita Goizueta herria bizirik dagoela, izan ere, herriaren etorkizuna beraiek dira eta harro sentitu gintezke beraien auzolana eta dedikazioa ikusita; Zorionak gazteak!».
Gazteak elkarrekin antolatzearen indarra
Orain arte gaztetxea herriarentzat kontzertuak antolatzera mugatu da, baina gazteek bazuten bestelako gauzak egiteko gogoa. Apezetxeak dio erronka berri bat izan dela kartela osatzea, hasieratik bukaerara: «Gaztetxean hasi ginenetik orain arte, kontzertuak bakarrik antolatu ditugu eta bagenuen egun oso bat antolatzeko gogoa, horregatik erabaki dugu Gaztetxen Euna ospatzea».
Lanaren emaitza, ordea, eguna ondo ateratzetik harago doala dio Apezetxeak: «Egun honekin ikusarazi nahi dugu gazteok zerbait proposatuz gero, aurrera ateratzeko gai garela».
Erronka berri batek antolatzeko modu berri bat ere ekarri die goizuetarrei. Herritarrei zein Udalari eskatu diete laguntza gazteek, eta lan guztiei behar bezala erantzuteko, talde ezberdinak antolatu dituzte: barraren eta eszenatokiaren montajeaz arduratuko den taldea, barrako turnoak beteko dituztenak...
«Herriko gazteak beren nahiak asetzeko espazio baten beharretik jaio zen gaztetxea»
Azken urteetan egindako zenbait obra eta auzolanen emaitza da gaur egungo gaztetxea. Egokitze lanak eginda, 2020an auzolanean txukundu eta margotu zituzten eraikinaren tripak.
1995etik aurrera gaztetxe izena hartu eta gazteen espazio izaten hasi bazen ere, dantzalekua zen espazio hau. Donostiako dantza-leku ezagun baten izenari zor, Tifanitxo (edo Zentroa) bezala ezagutzen dute askok 1555eko eraikin hau, 1970etik aurrera beheko solairuan dantza egiten zelako. 1995ean egin zen gaztetxe bezala ezagun, beheko solairua taberna eta lehenengo pisua Gazte Asanbladaren elkargunea izan baita urte luzez.
Urte hauetan eraikinaren egoerak okerrera egin zuela eta, teilatua eta lau hormak berritzeko lanak egin zituen Udalak, eta 2020an hasi ziren eraikinaren barnealdea egokitzeko lanak.
Egun espazioa hiru pisutan antolatzen da. Beheran kontzertuak egiteko espazioaz gain, gaztetxeko taberna aurkitzen da. Lehendabiziko pisua Udalaren eta zerbitzu ezberdinen bilera-gelek osatzen dute, eta azkenengo pisuan gazteentzako eta Udalarentzako lokal bana aurkitzen dira.
«Herriko gazteak beren nahiak asetzeko espazio baten beharretik jaio zen gaztetxea», azaldu du Apezetxeak. «Orduan Udalak espazio hau eskaini zuen, ekintza ezberdinak antolatzeko baldintzarekin. Hasieratik gaztetxea autogestiorako espazioa izan zen, eta ekintza ezberdinak antolatzen zituzten gazteek: eskiatzera irteera, barrikotea, zinea...»
Orain, herrian ekitaldiak antolatzen direnean, kontzertuak eta barra irekitzeaz arduratzen da gaztetxea. Apezetxeak dio, Gazte Asanblada sasoi onean ez badago ere, gaurko egunak, hain zuzen, horretarako balio behar duela: «Orain asanblada ez dago oso sasoi onean, jende gutxi garenez juxtu ibiltzen gara gauzak antolatzeko. Horregatik, egun polita iruditzen zait larunbatekoa herriko gazteak konturatzeko nahi izanez gero, baliabidek baditugula gaztetxea berpiztu eta indartzeko. Pixkanaka parte hartzera gonbidatuko nituzke bertako gazteak».
|
GAZTETXEN EGUNA GOIZUETA GAUR 09:00 Dultzainerok herrin barna 11:30 Herri kirolak eskolako frontoien 12:30 Irumaita txaranga, frontoietik hasita 14:30 Eskolako frontoien bazkaria 18:00 Pasai txaranga, eskolako frontoietik hasita 20:00 Bokatak, eskolako frontoieko tabernan 22:00 Kontzertuk: |