Iker Salaberria B Serieko Lau T'erdiko txapelketatik kanpoan geratu da, A multzoko azken partiduan, Xabier Rekalderen aurka 22-16 galdu eta gero. Gainera, Ander Muruak 22-12 garaitu zuen Asier Agirre. Beraz, Rekalde eta Murua izan dira hurrengo fasera sailkatu direnak.
Rekaldek 16-22 gainditu zuen goizuetarra. Txapelketa hasieran faboritoetako bat zen Salaberria, baina Rekaldek profesionaletan jokatutako aurreneko lau partiduak irabazi ditu, denak Lau T'erdikoak. Bizkaitarrak peloteoan abiadura bizia erakutsi zuen, goizuetarraren ahalegina indargabetuz.
Rekaldek 12 tanto egin zituen eta zazpi akats peloteoan, baita saketik falta egin ere 14-19koan, baina hori ez zen arazo izan. 278 pelotakada eman zituzten 60 minututan. Goizuetarra atzetik hasi zen markagailuan (2-6 eta 4-9), baina hamarna berdintzeko aukera izan zuen. Ez zuen berdintzerik lortu, eta presaka, hamar hutsegiterekin amaitu zuen partidua.
Rekalderen garaipenak domino efektua izan zuen, Ander Murua hurrengo fasera sailkatu baitzuen; eta arrasatearrak Beñat Senar izango du aurkari, B adarreko liderra. Rekaldek, Unai Amianoren aurka jokatuko du finalerdia.