Egun garrantzitsua da gaurkoa Iker Salaberria pelotari goizuetarrarentzat. Promozio mailako 4 t'erdiko txapelketako ligaxkako bigarren partidua jokatuko du, Donostiako Atano pelotalekuan, Muruaren kontra.
Lehenengo jardunaldian 22-10 galdu zuen Salaberriak Agirreren aurka. Horregatik, garrantzi haundia du gaurko partiduan emaitza ona lortzeak. Oraindik ez da jardunaldi erabakigarria, baina sailkapena asko zaildu dakioke irabazten ez badu.
Muruak ere porrota jaso zuen ligaxkako lehenengo partiduan, baina Salaberria ez da aurkariaz fidatzen, uda ona egitetik datorrela iritzita: «Maila asko igo du udara honetan, eta badakit partidu zaila izango dela».
Azken boladan kostata dabilenaren sentsazioa du goizuetarrak, bere maila gorenetik urrun: «Lesioaren ondoren kostatzen ari zait lehengo mailara itzultzea. Emaitzek ez didate asko lagundu, eta horrek konfiantza pixka bat kentzen dizu. Lanean ari naiz sentsazio horiek aldatzeko, asteak beste modu batera hartzen baitira konfiantza duzunean».
Ligaxkako bi partiduetan aurrerapausoak sumatu nahi ditu Salaberriak, bere esku dagoena txukun eginez: «Bi partidu zail dauzkat aurretik, baina gauzak ondo egin nahi ditut. Irabaztea edo galtzea ez dago erabat nire esku, baina partiduan sartuta egon nahiko nuke aldiro».