Datorren astean hasiko dira Ospitala birgaitzeko lanak, eta kostuaren erdia estaltzeko laguntza lortu du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 12a, 00:00

Judith Ubarrechena arkitektoa, Goizuetako Udaleko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariei azalpenak ematen, herenegun eraikinera egindako bisitan.

Nafarroako Gobernuak aitortua zion 300.000 euroko dirulaguntza, eta aste honetan lortu du Goizuetako Udalak birgaitze babestuaren behin-behineko kalifikazioa: beste 360.000 euroko dirulaguntza, eraikineko sei etxebizitzak egiteko.

Hastear dira Ospitala zen eraikina birgaitzeko lanak. Datorren astean ekingo diete; oso albiste onekin, gainera. Izan ere, 1,3 milioi euro inguruko kostuaren erdia estaltzeko adinako dirulaguntzak lortu ditu Goizuetako Udalak. Batetik, ostiralean izan zen Goizuetan Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko etxebizitza kontseilaria, eta hitzarmena si­natu zuten berak eta Unai Miranda alkateak, Gobernuak Udalari 300.000 euroko dirulaguntza emateko. Partida hori dagoeneko jasota zegoen Nafarroako Gobernuaren 2025eko aurrekontuetan.

Baina horrez gain, beste 360.000 euroko dirulaguntza ere jasoko du Udalak, Ospitaleko sei etxebizitzak egiteko. Izan ere, aste honetan bertan lortu du birgaitze babestuaren behin-behineko kalifikazioa. Gainera, Udalak adierazi du lanean jarraitzen duela dirulaguntza gehiago lortzeko, obrak finantziatzeko.

Judith Ubarrechena arkitektoak hartu du 2010eko proiektua eguneratu eta lanak zuzentzeko ardura, eta Iparragirre eraikuntza lanak S.L. enpresak egingo ditu lehenengo faseko lanak: hustu, kanpoko paretak sendotu, eta egurrezko egitura eta teilatu berria egin. Datozen egunetan hasiko dira, eta 2026ko apirilerako egon beharko dute bukatuta.

Goizuetako Udalak adierazi du «urrats haundia» dela eraikina birgaitzea, «oso egoera arriskutsuan zegoelako, ingurua egokitzeko urrats bat emanen delako, eta batez ere, alokairura bideratutako eskaintza publiko bat sortuko delako».
 

Eskola zaharreko etxebizitzak birgaitzea, mahai gainean

Hitzarmena sinatzeaz gain, birgaitze lanen nondik norakoak zuzenean ezagutu zituen Begoña Alfaro kontseilariak herenegun. Udalak, bere aldetik, bisita baliatu zuen kontseilariari adierazteko etxebizitza dela «despopulazioari aurre egiteko tresnarik eraginkorrena»; eta ezagutzera eman zion Udalak horren inguruan daukan plangintza: eskola zaharretako etxebizitzak birgaitzea eta berriak egiteko kooperatiba bat sortzea. «Epe laburrean egingarria» dela adierazi zion, baina «Nafar Gobernuaren inplikazioa» behar dutela horretarako.

Nafarroako Gobernuko eta Goizuetako Udaleko ordezkariak, Judith Ubarrechena arkitektoarekin, Ospitala zen eraikinaren aurrean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!