Europako Junior Pelota txapelketa jokatu da aurreko astean Belgikako Ath hirian. Euskal pelota selekzioarekin izan da Umore Onako Alize Sagardui Lekuona goizuetarra eta lehen jardunaldia Wall Ball espezialitateari eskaini zion. Euskal ordezkaritzak sei final posibleetatik sei jokatu zituen eta urrezko eta zilarrezko hiruna domina lortu zituen. Tartean, emakumezkoetan, sub15, sub17 eta sub19 mailetako finalak jokatu zituen Alize Sagardui goizuetarrak eta lehen bietan txapeldun eta hirugarrenean txapeldun orde izan zen.
Hiru finalak Valentziaren kontra jokatu zituen Alize Sagarduik eta Onintza Galdosek osatutako bikoteak. Sub15 finala 2-1 irabazi zuten, sub17 finala 2-0 eta sub19 finala 0-2 galdu zuten. Azken honetan, Galdosek min hartu zuen lehen jokoan eta ezin izan zuen segitu. Horren ondorioz, lehen jokoa galdutzat eman zioten. Intza Arruti sartu zen bigarrena jokatzera Sagarduirekin batera, baina bigarren jokoa ere galdu egin zuten.
Llargues modalitatean beste brontze bat lortu du Sagarduik, guztira lau domina lortuz
Asteburuan emakumezkoen selekzioa ere lehen aldiz aritu zen Llargues modalitatean eta lehen brontzea lortu zuten. Alize Sagardui goizuetarra, Onintza Galdos, Intza Arruti, Larraitz Galardi, Malen Lamadrid eta Uxue Lopez de Okariz izan ziren taldeko kideak. Finalerdian, gerora txapeldun suertatu zen Herbehereen kontra 3-6 galdu zuten, baina brontzerako lehian 6-5 irabazi zioten Belgikari, azken tantoan erabakitako partiduan. Historia egin dute, lehendabiziko parte hartzean brontzea eskuratuta.
Euskal selekzioko gizonezkoek zilarrezko domina lortu zuten. Aurreikuspen guztien kontra, Valentziari 6-4 irabazi zioten finalerdian. Finalean, Belgikaren kontra 2-6 galdu zuten, baina markagailuak erakusten duena baino lan gehiago eman zuten.
Txapelketako domina zerrenda ikusgarriari eta erakutsitako joko mailari esker, Euskal Pilota Selekzioak txapelketako selekzio onenaren saria ere lortu zuen. Iñaki Esnal hernaniarra izan da euskal selekzioko hautatzailetako bat txapelketa honetan.