Udako denboraldiari bukaera emateko festa antolatu dute Ixkibi kanpinean pasa den urtean bezalaxe. Irailaren 14an, igandean, izanen da eta, iaz bezalaxe, taloak eta bertsoak lotuko dituzte hitzorduan. Aitor Mendiluze eta Unai Agirre bertsolariak gonbidatu dituzte eta 13:30etan eskainiko dute lehenbiziko saioa.
Talo jatea 14:30etan hasiko da eta herriko talogile taldea, Bakero familia buru dutela, arduratuko da taloak egiteaz. Bazkariko txartelak irailaren 12ra arte eskura daitezke Amaia kafetegian edo Ixkibi kanpinean.
Helduek 25 euro eta hamalau urtera arteko haurrek hamar euro ordaindu beharko dituzte. Bazkaritarako sarrerakoak (kroketak, rabak...), taloak, sagar tarta, edaria, kafea eta kopa izanen dituzte. Aipatu behar da iaz txartel guztiak saldu eta 140 lagun elkartu zirela festan. Bazkalordua eta ondorena bertsolariek eta trikitilariek girotuko dute eta ilunabarrean, toka txapelketa eginen dute. Punteria gehien duenak bi otordu irabaziko ditu Oxeguarda jatetxean.
Ixkibi kanpineko jabe berrien bigarren ekitaldiak jende ugari biltzea espero da. Udako denboraldi arrakastatsuari amaiera eman nahi diote giro ezin hobean, jan-edanean, erromerian eta lagunartean.