Beñat Apezetxeak Zumaiako arantza ateratzea lortu zuen larunbatean Antiguoko Torneoan eta Carmelo Lozarekin batera txapeldun irten ziren, finalean Xabier Rekalde eta Unax Apeztegia 22-13 garaitu eta gero.
Markagailua, agian, engainagarria izan zen Antiguoko pelotalekuan bizi izan zen lehen zati izugarrirako. Erritmo biziarekin eta lau pelotariak erabat jokoan sartuta partidu ikusgarria ikusi zen goizuetarraren eta Rekalderen arteko borroka itzelarekin.
Apezetxea eta Loza izan ziren abantailak lortu zituzten lehenak, baina Rekaldek eta Apeztegiak 8na berdindu zuten eta 10-8 aurreratu ziren. Une horretan, urdinek hartu zuten agintea eta, euren aldeko partzial nabarmena lortu zuten, 3 eta 14koa. Apezetxeak eta Lozak maila altua mantendu zuten uneoro eta benetako ikuskizuna eskaini zuten ikusleen aurrean. Rekaldek eta Apeztegiak ez zuten gaizki jokatu, baina ezin izan zioten urdinen erritmoari jarraitu.
Etxegarai-Gamide eta Cestau-Garaño, txapeldun
Beste bi mailetan, promesetan Cestau-Garaño bikotea eta nesketan Etxegarai-Gaminde bikotea izan ziren txapeldun Antiguoko Torneoko 77garren edizioan. Neska txapeldunek 22-20 garaitu zituzten Zabaleta eta Mendiburu. Promesetan 22-21 galdu zuten Oihan Etxeberriak eta Mikel Leonetek.