Goizuetan taxi zerbitzua izateko pausoa eman du Udalak, bi taxi-lizentzia esleitzeko deialdia zabalduta

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 25a, 00:00

Uztailaren 29ko Plenoan hartu zuen erabakia, eta dagoeneko argitaratu du deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Udalerri barruan jarduteko izanen da lizentzia, eta eskuratu nahi dutenek irailaren 9ra arte aurkeztu dezakete eskaera.

Pauso garrantzitsua eman du Goizuetako Udalak, azkeneko as­teotan, garraio publikoaren ar­lo­an: bi taxi-lizentzia esleitzeko deialdia zabaldu du, herrian taxi zerbitzua izan dadin. Zerbitzua udalerri barruan soilik eskaintzeko izanen dira bi lizentziak. Horiek eskuratzen dituztenek, beste herri batzuetara joan-etorri zerbitzua eskaini nahi badute, Nafarroako Gobernuari eskatu beharko diote baimena.

Uztailaren 29ko Plenoan hartu zuen taxi-lizentziak esleitzeko erabakia Goizuetako Udalak, eta dagoeneko argitaratu du deialdia, abuztuaren 19ko Nafa­rroako Aldizkari Ofizi­alean. Hu­rrengo egunetik hasita, 15 lan­eguneko epea daukate interesdunek eska­erak aurkezteko. Hortaz, iraila­ren 9a izanen da horretarako azkeneko eguna. Goizuetako udaletxeko Erregistro Orokorrean aurkeztu be­harko dira eskaerak, sobre itxi batean, eta honako idazpena izanen du: 'Goizuetan taxi zerbitzua es­kain­tzeko lizentzia esleitzeko le­hiaketa', eta norberaren izen-abizenak, NAN zenbakia eta sinadura. Sobre horren barruan, beste hiru sobre itxi sartu beharko dira, honako izenburuekin: 'Dokumentazio administratiboa', 'Dokumentazio teknikoa' eta 'Do­kumentazio ekonomikoa'. Bakoitzean aurkeztu beharreko dokumentazio guztia ikusgai da­­go deialdian, eta goizueta.eus webgunean topatu daiteke.

Deialdian parte hartzeko, hainbat baldintza

18 urtetik gorako pertsonek hartu dezakete parte deialdian, eta gidabaimenaz gain, ibilgailu bat izan beharko dute bere jabetzan, zenbait ezaugarri betetzen dituena. Ibilgailuak turismo gisa katalogatuta egon beharko du, eta gurpildun aulkiak erabiltzen dituztenentzat egokitutako betebeharrak bete. Lau ate izan beharko ditu, eta ahalbidetu aurretik zein atzetik eta bi aldeetatik atera ahal izatea. Aire egokitua edo klimatizadorea ere izan beharko dute, ezinen dute beste taxi lizentziarik ezta taximetro­rik eduki, eta erantzukizun zibileko estaldura izan beharko dute.

Printzipioz, bost lagunentzako tokia (gidaria barne) duten ibilgailuei emango zaie lizentzia, baina bederatzi tokira arteko ibilgailuak ere onartuko dituzte, betiere zenbait baldintza kontutan hartuta: mugikortasun urria duten pertsonentzat irisgarriak izatea, eta zerbitzua eskainiko den zonaldearen nolakotasuna, batez ere ezaugarri geografikoak zein biztanleriari dagozkionak bereziak direnean, edota trafiko gutxiko zonaldeak direnean.

Eskaerak jaso­ta, epaimahai­ak baloratuko di­tu, atalez atal puntuazio­ak es­leituz: ibilgailua gurpildun aulkientzat egokituta egotea (20 puntu); edukiera (20 puntu arte); zerbitzuaren eskaintza eta konpromisoa (gauez ere aritzea 3 puntu, jaiegunetan 3 puntu, asteburuetan 4 puntu, astean 7 egunez 5 puntu, eta euskeraren ahozko ezagutza 5 puntu); isurien ziurtagiria (6 puntu arte); eskaintza ekonomikoa (20 puntu arte); Goizuetan erroldatuta egotea duela bi urtetik gutxienez (7 puntu); eta autoa Goizuetan inskribatuta egotea (7 puntu). Puntuazio onena jasotzen duten biei esleituko dizkiete lizentziak, eta berdinketa izanez gero, emakumeei emanen zaie lehentasuna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!