Gazteek hartuko dituzte Goizuetako kaleak fiestetako lehenengo egunean

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 14a, 00:00

Goizeko txupinazotik gazte ugari ibiliko dira Goizuetan, Gazte Eguneko kamiseta eta guzti.

Gazte Eguneko kamiseta eta guzti, Goizuetako kaleak gaztez beteko dira gaurko egunez. Eguerdiko 12:30etan Goizuetaren eta Muskitzen arteko desafioa izanen da Gaztetxean, 14:30etan Gazte Bazkaria eginen dute eta arratsaldeko 20:00etan Gazte Txupinazoa botako dute.

Bost eguneko iraupena dute Goizuetako Fiestek, eta bakoitzean ezberdinak izanen dira protagonistak. Lehenengo egunean kolore bizi xamar bat gailentzen da herrian, Gazte Eguneko bazkarira joaten diren guztiek kamiseta eder bat janzten baitute.

Gazte Egunarekin hasiko dituzte fiestak, eta goizean goizetik sumatuko da euren presentzia kalean. Oraindik kamiseta jaso ez duten pertsonek gaur bertan hartzeko aukera izanen dute, eguerdiko 12:30etan, Gaztetxean.

Hain juxtu 12:30etan hasiko da gazteek prestatutako lehenengo jarduera: desafioa. Goizuetako gazteak Muskitzekoen aurka arituko dira, Gaztetxeko aparkalekuan bertan. Hiru proba egin beharko dituzte: lasto fardoa, sokatira eta zapela jaurtiketa. Desafioa gauzatu ahal izateko, gaur aparkalekua libre utzi beharko da goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:30etara.

 

Bazkari ederra eta bazkaloste girotua

Desafioan indar pixka bat gastatu ondoren, Gazte Bazkaria eginen dute 14:30etan. Ikastolan elkartuko dira gazteak, kamiseta soinean dutela, paella mixtoa edo beganoa jateko. Bazkalostean bingora jolastuko dute Ikastolan bertan, eta 18:30etan herriko kaleetan barrena ibiliko dira, Igandea Txarangarekin batera.

Kalejira amaitzen denean, arratsaldeko 20:00ak aldera, berriro Gaztetxera itzultzeko deia eginen dute. Bertan, eguerdikoa bezain txupinazo garrantzitsua botako baitute.

Eguna amaitzeko, gauerdian Gabezin erromeria taldeak kontzertua eskainiko du plazan, eta Igandea Txaranga berriro ibiliko da Goizuetako kaleetan.

 

Egun bakoitzak bere protagonista izanen du

Gaurko egunaren ondoren, beste zenbaitek hartuko dute gazteen lekukoa. Bihar Amabirjin eguna ospatuko dute, etzi Sagardo Eguna, etzidamu Umeen eguna eta astelehenean Peñen Eguna.

Egun bakoitzak protagonistekin lotutako jarduera propioak izanen ditu, baina guztietan izanen da festa giroaz gozatzeko aukera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!