Fiesta Batzordeari dagokio aurten txupinazoa botatzea, eta denen artean zu izango zara arduraduna. Pozik?
Bai, oso oso pozik nago. Emozionatuta eta urduri ere bai.
Fiestetan lana egitea tokatzen zaizue Batzordekoei. Gustoz hartzen dira ardura horiek? Zein izango da zure egitekoa?
Bai, halaxe tokatzen zaigu, eta lan egingo dugu. Egia esan, denen artean banatuta askoz errazago egiten da dena. Ez naiz pentsatzen geratzen, egin behar da eta kitto. Aurretik beste batzuei tokatu zaie, eta orain guri dagokigu. Nire egitekoari dagokionez, txupinazoa botatzeaz gain, abuztuaren 17ko hamaiketakoa prestatzeko ardura daukat.
Urte dexente daramatzazu fiesten antolakuntzan. Asko aldatu dira hasi zinenetik?
Orain dela 10 urte inguru sartu nintzen Guraso Elkartean, eta geroztik, urteren bat salbu, lanean aritu naiz Batzordean. Hasi nintzenetik asko aldatu dira gauzak, lehen askoz ere jende gehiago ibiltzen zen eta herrian bertan jende gehiago bizi zen. Horregatik bakarrik aldaketa haundia sumatzen da.
Momentu honetan ze egoeratan daude fiestak? Indartsu dago Batzordea?
Esango nuke egoera oso onean daudela. Egia da herri txikia dela Goizueta, eta horren ondorioz egin nahiko genituzkeenak baino gauza gutxiago egiteko aukera dugula. Denean bezala, hemen ere diruak agintzen du, eta urtetik urtera gauzak asko garestitzen dira. Hala ere, Fiesta Batzordea indartsu dago, gogotsu eta giro onarekin.
Zein da zuretzat egun edo jarduera kuttunena? Zerekin gozatzen duzu gehien?
Niretzat egun guztiak dira kuttunak, baina zerbait aukeratu beharko banu, esango nuke txarangarekin, plazako musikarekin eta pilota partiduekin gozatzen dudala gehien.
Herriko beste zenbait saltsatan ere bazabiltza. Giro ona eta mugimendua dago Goizuetan, ezta?
Saltsa askotan ere ez, baina han eta hemen laguntzen saiatzen naiz. Herrian oso giro ona dago, mugimendua ematen dion jendea dago eta urtean zehar gauza asko antolatzen dira bertan: Feriak, Goizutrail, BTT lasterketa...
Pentsatu duzu ze mezu zabaldu txupinazoan?
Normalean jende asko elkartzen da txupinazoan... Zer esan? Azken egunetan makina bat aldiz aldatu dut esan beharrekoa, orduan ea zer ateratzen den. Edozer dela ere, motza izango da.