Etzi emanen zaie hasiera Goizuetako Amabirjin jaiei. Goizeko 10:00etan hasiko dira Iraumaita txarangakoak herria girotzen eta, eguerdiko 12:00etan, txupinazoa botako dute, Goizuetako festei hasiera ofiziala emanez. Txupina botata, erraldoiek eta buruhaundiek hartuko dute lekukoa, herriko kaleetan barrena dantzan eta bizkarrak berotzen jarduteko. Arratsaldean, haurrentzako joko mordoa antolatu dituzte, eta 20:00etan gazteek botako dute txupinazoa Gaztetxean. Gauera arte, musika izanen dute protagonista goizuetarrek.
Hilaren 15ean ospatuko dute Amabirjin eguna. Goizetik hasiko dute eguna dianarekin, eta segida emango diote egun osoan zehar ehunka ekintzek, besteak beste, meza nagusia eta prozesioa, goxoki banaketa plazan, pilota partiduak, herri kirolak eta bertsolariak. Pilota partiduak eguerdiko 12:00etan jokatuko dituzte. Nesketan, Sagarduik eta Legarretak, Galardi eta Sotil izango dituzte aurrez aurre, eta lehen mailako afizionatu mailan, berriz, Igoa eta Sotil ariko dira, Mata eta Landaren aurka. Herri kiroletan, bi proba eginen dituzte; batetik proba mixtoa, Arkaitz Etxebesterekin eta Aratz Mugerzarekin; eta bestetik, harri jasotzea, Udane Ostolazarekin eta Lierni Osarekin.
Goizuetako ale berezia, etzi
Hilaren 14an, Goizuetako fiestetako xehetasun guztiak irakurtzeko aukera izanen duzue, ostegunean argitaratuko baitugu Amabirjin festetako ale berezia.