Aurorekin berotuko dituzte gaur Goizuetako kaleak, fiesten aurretik

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 10a, 00:00

Kolore berezia ematen diote herriari Aurrorek.

Goizeko 08:00etan aterako dira kaleak alaitzera Umore Ona eta Ozenki abesbatzetako kideak.

Goizuetako Fiestak iristear dauden honetan, giro berezia sumatzen hasi da herriko kaleetan. Ostegun eguerdian piztuko dute jaien hasierako suziria, baina egitaraua gaur estreinatuko dute, urteroko Aurorekin.

Goizeko 08:00etan jarri dute hitzordua Umore Ona eta Ozenki abesbatzetako kideek. Plazan elkartu, eta kalez kale abesten joango dira goizean zehar, ondoren hamaiketako eder baten bueltan elkartzeko.

Goizuetarrak dagoeneko prest daude festetako egunetan euren onena emateko. Aurtengoan ere ohiko bazkariak egingo dituzte hilaren 14tik 18ra, eta dagoeneko salgai daude horietara joateko txartelak.

Gazte eguneko kamisetak eskuratzeko bi aukera izango dira: hilaren 13an, arratsaldeko 19:00etan, Ikastolako tabernan, eta hilaren 14an, eguerdiko 12:30etan, Gaztetxean.

Peñen eguneko bazkarirako txartelak, aldiz, abuztuaren 14ra arte erosi ahalko dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!