«Ur hornidura ezinbesteko zerbitzua» delako, «etengabeko arreta» jarriko dio Goizuetako Udalak

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 10a, 00:00

Egun daukaten informazioarekin, Goizuetako Udalak badaki aste honetan Santa Maria kalean zegoen ur isuritik egunean 129 metro kubiko ur galtzen zirela.

Ur edangarrien azpiegituran hobekuntzak egiten ari da Goizuetako Udala azken urteotan, eta egindako inbertsioen ondoren, Udala jakitun da zenbat ur ateratzen den depositutik. Horrez gain, sarean dagoen uraren presioa erregulatzeko aukera ere badutela azaldu du Udalak, izan ere, «leku puntual batzuetan, sarea berritu da. Gainera, 2024an egindako inbertsioarekin deposituetan beharrezko hobekuntzak egiteaz gain, depositua hornitzen duen iturri emankorrenetakoa den gorreneko minazuloa, konpondu dugu eta ondorioz, honekin ur emaria  haunditu nahiz egonkortu egin da»

Jasotako datuekin eta egun duten informazioarekin, Goizuetako Udalak jakinarazi du, aste honetan, San Maria kalean zegoen ur isuritik egunean 129 metro kubiko ur galtzen zirela, hau da, litrotan  5.380 litro orduko. Dagoeneko ur isuri hau konponduta badago ere, ondorengoa azaldu du Udalak: «egunean 242 metro kubiko ur ateratzen da depositutik eta hauetatik, gaueko kontsumoa goizeko 02:00etatik 06:00tara bitartekoa da, 171 metro kubikoka». Beraz, Udalak ondorioztatu du ura galtzen dela: «jakinik Goizuetan gauean kontsumorik egiten duen industriarik ez daukagula, ondorioztatu dezakegu, ur hau galdu egiten dela,sare orokorreko ur isurien bidez, etxeetako sareko ur isurien bidez,  edo erabat irekiak dauden iturrietatik». Gainera, Udalaren ustetan Goizueta bezalako herri batean, «datua egokia litzateke egunean 60 metro kubiko inguru galtzea». 

Horrenbestez Goizuetako Udalak lanean jarraitu behar dela dio: «Garbi ikusten da ur hornidura ezinbesteko zerbitzua izanik, etengabeko arreta behar duen gai bat dela, ur isurien bilaketak, eta azpiegituraren mantentze egokia egitea, ohikoa behar da». Hala ere, gainontzeko inbertsioei ere garrantzia eman die; besteak beste, sareko eremu batzuk berritzea, eta etxe bakoitzean kontsumitzen dena jakiteko neurgailuak jartzea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!