Berriro ere indarra hartzen ari da auzolana Goizuetan. Hala baieztatu daiteke azkeneko asteetako ekimenetatik: Iberoko bainulekua eta Porrostako kisulabea garbitu dituzte herritarrek auzolanean.
Egunotan txukundu du kisulabea, jubilatu taldetxo batek, bere ekimenez. Desbrozadorak eta bestelako erremintak hartu, eta inguruko sasiak eta landaredia garbitu dute, kisulabea ikusgarria izan dadin. Izan ere, pista nagusi baten ondoan dago Porrostako kisulabe dotorea, jendeak ikusteko moduko tokian. Goizuetako herrigunetik bi kilometro ingurura topatu daiteke, Porrostako bidean, Madaleneko ermitaren atzealdeko pista hartuta, herriaren sarreran.
XIX. mendekoa da kisulabea, Goizuetako lurretan dauden beste hainbat bezala, gehienak abandonatuta. Zazpi dira, gutxienez. Garai hartako zailtasunen erakusgarri dira kisulabe horiek: gosete ikaragarria izan zen 1850 urtearen inguruan, uzta murritzen eraginez. Horri aurre egiteko, baserri multzo bakoitzak eraiki zuen bere kisulabea, ahal bezala. Kareharria bertan erre, eta ongarri gisa erabili zuten kisua, artasoroetan eta belar-soroetan bereziki. Balio ikaragarria izan zuen horrek, garai hartako artxiboko dokumentuetan aipatzen denez: kasu askotan, bikoiztu egin zen artoaren eta belarraren ekoizpena, eta konponbide bikaina izan zen.
Porrostako kisulabeak badu berezitasun bat: 30 metrora zeukan harrobia, eta bertatik ateratzen zuten kareharria. Horrek lagundu zuen kisu ekoizpena haundia izaten.
18 lagun, Iberoko bainulekua auzolanean txukuntzeko
Aste batzuk badira aurreko auzolana egin zutela, maiatzaren 24an: Udalak deituta, 18 lagun elkartu ziren Iberoko bainulekuan, hura txukundu eta udarako prestatzeko. Belarrak, larrak edota iratzeak moztu zituzten, eta gunea garbitu, desbrozadorak eta bestelako tresnak erabilita. Bi ordu eta erdiko lanean, herritarrek udarako aisialdiaz gozatzeko prest utzi zuten ingurua. Haien partehartzea, motibazioa eta lan egiteko modua goraipatu eta eskertu zituen Udalak.