Gazteentzako kultur ekintzak antolatzeko eta herriko komertzioen belaunaldi erreleboa bermatzeko, Proiektu berriak, Goizuetan ekimena antolatu dute Goizuetako Udalak eta Fundación Empleak 'Pueblos VIVID Herriak' elkarteak. Horretarako, lan saioak eramango dituzte aurrera eta lehenengo saioa etzi, uztailaren 3an izanen da, Tifanitxon, 18:00etan hasita.
Lehenengo saiora batez ere gazteak daude gonbidatuta. Beraiek izango dira protagonista gustoko kultur eta aisialdi ekintzak proposatzeko eta aukeratzeko. Ideiak partekatu eta interesak mahai gainean jartzeko aukera izango dute. Baita herriko komertzioen belaunaldi-erreleboan parte-hartzeko aukera. Ekarpen guztiak izanen dira ongietorriak eta dituzten interesak entzuteko aukera paregabea jarri dute mahai gainean antolatzaileek. Lan saiora joateko izena eman behar da telefono zenbaki honetan: 606 740 211.
Liburutegi ibiltaria bihar, Goizuetan eta Aranon
Bestetik, bihar uztailaren 2an, goizez egingo du hurrengo bisita LAGAko Liburutegi Ibiltariak, Goizuetara eta Aranora. Leitzako Liburutegiko arduraduna goizez bertaratuko da bi herrietara, goizuetarrek eta aranoarrek aurrez eskatutako liburuak eramatera. Zehazki, 11:00etan iritsiko da Goizuetara, eta ordubetez egonen da bertan, 12:00ak arte. Ondoren, Aranorako bidea hartuko du, eta 12:30etatik 13:00etara izanen da haien zerbitzura.
Esan bezala, herritarrek aldez aurretik eskatu ditzakete liburuak, liburuzainak ale jakinen bat eramatea nahi badute. Horretarako, biblilei@navarra.es helbide elektronikora idatzi dezakete, edota 621 248 024 telefonora deitu.