Egun berezia izanen da bihar goizuetarrek biziko dutena, Lubineko frontoi eraberritua inauguratuko baitute arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Urte hasieratik itxura berria du frontoiak. Azala aldatu dute, baita mamia ere: pilotan aritzeko tokia izateaz gain, museoa ere izanen baita aurrerantzean. Zaharberritze lanak bukatzeko, Goizuetako esku pilotaren historia biltzen duten bederatzi panel jarri dituzte.
Ekitaldia 18:00etan hasiko da, eta panelak erakutsi eta azalpenak emanen dituzte. Udalak antolatu du ekitaldia, eta Umore Ona Pilota Elkarteko kideek ere hartuko dute parte. Pilota eskolako gaztetxoek pasilloa eginen dute, eta bertatik pasako dira herriko pilotari ohi eta gaur egun pilotari diren ospetsuenak. Horien artean, profesional haundiak izan diren Aimar Olaizola eta Asier Olaizola, Munduko txapeldun izan zen Juantxo Apezetxea, afizionatuetan txapel asko irabazi dituzten pilotariak...
Umore Ona abesbatzak eta dantzariek osatuko dute jaialdia. Eta segidan, pilota partiduak jokatuko dituzte. Afizionatu mailan ari diren puntako pilotariek jokatuko dute elkarren aurka. Binaka, azken orduko bi baja tarteko, honakoak ariko dira: Hegoi Txoperena eta Unax Landa, Unai Astizen eta Aitor Alduntzinen aurka. Lau t'erdian, berriz, Beñat Apezetxea eta Eñaut Lizeaga izanen dira aurrez aurre.
100 urteko historia, jasota
Museo iraunkor ere bihurtuko da Lubineko frontoia. Panel ederrak dira, Goizuetako pilotaren azken 100 urteetako historia jasoko dutenak. Horietako bat frontoiaren kanpoaldean jarriko dute, eta zortzi izanen dira frontoi barruan. Historia biltzen dute, afizionatu arruntetatik hasi eta profesional haundietara. Horien artean, Aimar Olaizolak bere panel propioa izanen du. Nabarmendu diren pilotari guztiek dute beraien lekua, argazki ederrekin eta beraien kurrikulumarekin.
Lubineko frontoia 1912an eraiki zuten. Esku pilotak zuen indarra hain zen nabarmena Goizuetan, Udalak urte berean bi frontoi eraiki zituela: orain berrinauguratuko duten Lubinekoa bata, eta Santa Espiritu auzokoa bestea. 34 eta 36 metrokoak ziren, hurrenez hurren. Estali gabe dagoena orain ez da frontoi bezala erabiltzen, beharrik ere ez dagoelako. Duela 40 urte beste frontoi luze estali bat egin zen, 40 metrotik gorako luzerakoa, eskoletan. Hortaz, bi frontoi estali egoera bikainean dauzka Goizuetak.
Lubinekoa 1957an estali zuten, gaur egungo egiturarekin; eta eskualde osoko lehenengo frontoi estalia bilakatu zen. Leitzan, esaterako, 1967an izan zuten lehenengo frontoi estalia.
Gaur egungo beharretara egokitu da, 220 mila euroko kostuarekin
220.045,15 euroko kostua izan dute berritze lanek, eta Nafarroako Gobernutik 115.876,61 euroko dirulaguntza jaso dute. Teilatuko egurra ongi zegoenez mantendu egin dute, baina gainean isolamendua hobetuko duen txapazko panela jarri dute. Lur guztia aldatu dute, eta paretak barrutik eta kanpotik margotu, Labriteko kolore berdea erabilita. Leihoak konpondu, eta bakarren bat berria jarri dute. Potentzia haundiko haize erauzgailu bat ere jarri dute, hezetasun arazoak saihesteko, eta argiteria guztia berritu dute, led fokuak jarriz.
Pilota eskolan 48 pilotari daude, horien artean hamaika neska. Eskuz 26 ari dira, tartean hiru neska. Paleta goman, berriz, 13 pilotari dira, 10 mutil eta hiru neska; eta frontenisean bederatzi neskak osatzen dute taldea. Horiei erakusten, eskuz hiru entrenatzaile eta palan eta frontenisean bana ari dira. Aritz Zubiri erremontista profesionala da pilota eskolako arduradun nagusia. Komisioko lan taldea sei kidek osatzen dute. Zenbaki aipagarriak dira, 700 biztanlera iristen ez den herri batentzat.
Zazpi aldiz irabazi du Herriartekoa, eta ttikiek finalerdia jokatuko dute etzi
Historian zehar lorpen haundiak lortu dituzte Goizuetako pilotariek, bertako eskolatik pasa direnak denak ere. Zazpi aldiz irabazi du Nafarroako Herriarteko Txapelketa, eta Euskal Herriko Herriartekoa ere irabazi zuen behin Goizuetak. Gainera, etorkizuna ziurtatua du. Etzi, Labriten, Herriarteko Ttikien finalerdia jokatuko du Ultzamaren aurka, 10:00etatik aurrera, sein, kimu eta haur mailetan. Beste finalerdian Bera eta Leitza ariko dira.
Espainiako Txapelketan, berriz, Ohorezko Mailan izan da Umore Ona bigarren urtez. Orain hiru urte hasi zuten ibilbidea, eta onenen aurka herriko bi esku pilotarirekin ari da lehiatzen, talde gehienek kanpoko pilotariekin jokatzen duten bitartean.