Egun potoloa izanen dute bihar Goizuetan, izan ere, hiru ekintzek bat eginen dute, eta ondorioz, igande goiz ederra pasatzeko tartea izanen dute goizuetarrek, nekazaritza eta abeltzaintza erdigunean jarriz. Bihar ospatuko dute Emakume Artzainen Egunaren laugarren edizioa, Plazaola Turismo Partzuergoak sustatuta. Horrez gain, Talo eguna eta Mendialdeko Azoka Ibiltaria ere izanen dira.
Goizeko 11:00etan hasiko da egun haundia; aurrena Mendialdeko Azoka ibiltaria irekiko dute, eta 12:00ak arte taloa egiteko tailerra eskainiko zaie etxeko txikiei. Goizean zehar gainera, taloari buruzko tresna, argazki eta dokumentuen erakusketa ere jarriko dute, eta gainerako ekintzak ere zerrendatu ditu Plazaola Turismo Partzuergoak: «herriko talogileen postua, burruntzian dastatzea, arkume errea eta gaztanbera elaborazio erakustaldia barne».
«Ekitaldirik hunkigarriena» eguerdiko 13:00etan izango dela jakinarazi dute antolatzaileek: Goizuetako artzain emakumeen omenaldia, hain zuzen ere. Ekitaldi honetan aurreko urtetako omenduen ordezkariek emanen diete lekukoa aurtengo omenduei, eta antolatzaileen eta laguntzaileen ordezkariek opari oroigarri bana emango diete. Aurreskua dantzatzeaz gain, larrosondoaren entrega sinbolikoa eta denboraldi berriko gaztaren mozketa egingo dute ekitaldi xume bezain hunkigarri batekin. Plazaolak aitortu du helburua dela artzain eta gaztegile emakumeen lana aitortzea eta balioan jartzea: «betiere genero ikuspegitik, euren zeregina ekonomiaren eta paisaiaren funtsezko parte direla».
Taloak, gazta eta Mendialdeko azoka ere, bihar
Emakume artzainen omenaldiaz eta Talo postuez gin, biharko azokan, gaztak ere protagonismo haundia hartuko du, batez ere Idiazabalek. Plazaolako gaztagileek euren postuak jarriko dituzte denboraldi berriko gaztak eskaintzeko; hala nola, naturala, keatua, gaztazarra...
Mendialdeko Azokari dagokionez, seigarren edizioa izango da, eta 19 postu bilduko ditu; alde batetik, elikagai postuak (eztia, haragia, ogia arrautzak...); eta beste aldetik, artisautza postua (zeramika, metala, ehungintza...).
Azoka honek bost udalerritan egingo du geldialdia apiriletik azarora bitartean. Jarduera osagarriekin lagunduta «lehen sektorea eta tokiko produktuak ezagutzera ematea du helburu».