Bazkari eder batekin borobildu zuten Trabuko Bidea Goizuetako mendizaleek

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 28a, 00:00

Argazkia: Maixe Aizpuru.

60 lagun elkartu ziren Arainburu Umore Ona mendi taldeak antolatutako jardueran.

Pasa den larunbatean amaiera eman zioten Trabuko Bideari. Lau etapatan osatu dute ibilbide guztia, eta bosgarrenak egindakoa borobiltzeko balio izan zien Goizuetako Arainburu Umore Ona mendi taldeko kide eta lagunei.

60 pertsona elkartu ziren Arriurdiñetan, eta bertatik ekin zioten bideari. Hasi aurretik, ordea, lehenengo azalpena eskaini zuten bertan: «Arriurdiñetako harrobian, Goizuetako herriak sei mendetan bere herri lurren defentsan egindako ahaleginen oroimenen azalpena egin genuen».

Arriurdiñetan hasi eta bukatu zuten azken etapa, eta ederra izan zen tartean egindako bidea; Añarbe aldera abiatu ziren lehenik, bertako basoan barrena, Gotzainera eta Berdabiora ailegatzeko; bertan gosaldu, Trabukoren kanta kantatu, eta Udiko bizkarrera iritsi ziren. Bertatik hasierako puntura itzuli eta amaitutzat eman zuten etapa.

Azken eguna beti izaten da berezia, eta ospakizun giroa nabari zen mendizaleen artean. Etxera ezin joan, eta Umore Ona elkartean bazkari eder bat prestatu zuten.

Antolatzaileek esker oneko mezu bat helarazi nahi izan diete laguntzen aritu ziren guztiei: «Gure eskerrik beroenak Patxi Bakerori, Berdabioko xenden garbitze lanetan aritzeagatik. Ximon Apezetxea eta bere kuadrila bazkari goxo hori prestatzeagatik eta proiektu honetan parte hartu duten guztiei. Esperientzia bikaina izan da, oroitzapen goxoekin gelditzen gara eta plazer haundi bat izan da hain jende jatorrarekin elkartzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!