Txapelaren lehiatik kanpo geratu da Iker Salaberria, promozioko Buruz Buruko Txapelketan. Goizuetarrak 11-22 galdu zuen Asier Agirre iruindarraren kontra, larunbat arratsaldean Labriten, final laurdenetako ligaxkaren partidu erabakigarrian. Gauzak horrela, Agirrek egin du aurrera semifinaletara, eta txapelketatik kanpo geratu da Salaberria.
Ondo ekin zion partiduari goizuetarrak, pilotakada indartsuak joz, eta errematean bizi-bizi. Tanto ikusgarria egin zuen aurrenekoa, bigarren pilotakadan gantxo ederra eginda. 2-4 eta 3-5 aurreratu zen markagailuan, jokoan nabarmen nagusituta; baina hortik aurrera, ezinean aritu zen Salaberria. Aginte makila hartu zuen Agirrek peloteoan, eta trabatu egin zen goizuetarra erabat, erantzunik gabe: 16 tanto segidan lortu zituen iruindarrak, 19-5 aurreratzeko.
Agirreren huts batek eten zuen takada luzea, eta sakea berreskuratuta, galtzeko ezer ez zuela, arriskatzen hasi zen Salaberria erasoan. Sei tanto egin zituen segidan, pilotakada gutxirekin, eta 19-11 gerturatu zen. Baina goizuetarraren bolada ona eten zuen Agirrek, eta partidua itxi zuen berehala (22-11).