Inoiz baino lehenago heldu da aurten Euskaraldia, hil honen 15etik 25era ospatuko da aurtengo edizioa eta Goizuetako herritarrak prest daude txapa jantzi eta ariketan murgiltzeko. Horretarako, Euskaraldiari eta hikaldiari hasiera emateko eta herria girotzen hasteko, 'Kutsidazu bidea Ixabel' antzerki obra ezaguna ikusteko aukera izango da gaur. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da emanaldia, Goizuetako udaletxeko ganbaran.
Emanaldia 'Kutsidazu bidea Ixabel' obraren moldaketa bat izango da zehazki, Ester Povedaren gidaritzapean. Aktore lanetan arituko dira Aloña Izagirre, Ana Goñi, Aran Rodas, Joana Hernandez, Mikel Agirretxe eta Ohiane Vergara.
Aurten Goizuetan Euskaraldiari indartsu eutsi diote, baina bereziki, 'hikaldia' landuko dute herrian. Hala adierazi dute: «Hikaldia landuko da bereziki, hiketan aritzea bultzatu eta animatu nahi baita, galdu ez dadin».
Euskaraldia hikaz egiteko aukera izan da aurtengo euskaraldiko berrikuntzetako bat, eta Goizueta izan da aukera honetara batu den herrietako bat.
Txapa banaketa, gaur
Antzerki obra dela eta, tartea aprobetxatuko dute Euskaraldiko txapa banaketa egiteko ere. Gaur udaletxe atarian izango da banaketa puntua, antzerkia hasi aurretik, arratsaldeko 18:00etatik 18:30etara bitarte.
Bestalde, gogoratu dute herriko Amaia kafetegian eta Zubi-dendan, Euskaraldiko banderolak daudela salgai. Gainera, banderolak zein bestelako materiala erosteko aukera ere badago online bidez, Euskaraldiko webgune ofizialean.