Goiekhi sortu dute Goizuetako zenbait herritarrek, Goizukoop kooperatibatik abiatuta. Herriko beharrak asetzera bidean beste pausu bat emateko asmotan sortu dute, eta oraingoan, energia arloari heldu diote. Datorren asteartean, maiatzak 14, egingo dute batzarra udaletxeko ganbaran, arratsaldeko 18:30etan. Azpimarratu dutenez, garrantzitsua izango da interesa duen herritar oro batzarrera bertaratzea, dirulaguntzen kontuak direla eta, denboraz juxtu dabiltzalako. Beraz, informazioa jaso nahi duen oro edo parte hartu nahi duenak aukera izango du astearteko bilkuran.
Goizukoop 2016an Goizuetan sortu zen eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba da, 210 bazkidez osatua. Hasiera batean, herrian gasolinarekin zegoen arazoari irtenbidea emateko sortu zen, baina, orain, estatutuak zabaldu dituzte eta horrek aukera eman die beste lanketa batzuk egiteko. "Herri txikia izateak behar bat baina gehiago dituela erakusten digu, eta bertatik sortu da Goiekhi, 'Goi' Goizuetatik eta 'Ekhi' eguzkitik".
Finean, eguzki energia erabiltzeko proiektua du eskuartean taldeak, eta udaletxearen laguntza izan du proiektua egikaritzen hasteko. Udaletxeak, bere aldetik, teknikoki lagundu die, kasu honetan, eraikin publikoetako teilatuak utzi dizkiete. Teknikoki balorazio bat egin ostean, frontoiko teilatuarekin hastea erabaki dute oraingoz. "Oraindik ez dakigu herrian zenbateko interesa egongo den, beraz, poliki poliki hasiko gara, pauso txikiak emanez".
Bestalde, dirulaguntza ere eskatu zioten Nafarroako Gobernuari, baita onartu ere. Beraz, inbertsio osoaren %60an dirulaguntza lortuko dute. "Hori horrela, %40a bakarrik geldituko litzake ordaintzeko, kooperatibarekin" azaldu dute. Baina denbora aldetik juxtu dabiltza, horregatik da garrantzitsua proiektuan parte hartu nahi duen oro batzarrera gerturatzea: "Guzti hau batzarrean azalduko dugu. Interesa duen oro etortzea garrantzitsua izango da, izan ere, urriaren 15erako eginda eta ordainduta egon beharko du inbertsioak", azpimarratu dute.
Eskaera haundia badago, udaletxeak utzitako frontoiko teilatuarekin hasiko dira, eta datorren urterako beste eraikin bat uzteko prest azaldu da Udala.
Proiektua herritarren interesekoa dela gogoratu dute Goiekhi-ko kideek, eta proiektuaren abantailez aritu dira: "Alde batetik abantaila ekonomikoak: Kostu partekatua, eguzki instalazioen inbertsioa kide guztien artean banatzen da eta banaka eginda baino merkeagoa izan daiteke; Energia fakturan aurrezkia, zure energia kontsumoa murriztuz, luzera diru aurrezpen handia lor daiteke; Diru-laguntzak eta pizgarriak, Nafar Gobernuak inbertsioaren %60ko laguntza eman digu. Bestetik, ingurumenaren aldeko apustua: Karbono aztarna txikiagoa duelako, energia berriztagarria erabilita, CO₂ isurketak gutxitzen baitira; Trantsizio energetikoan parte hartzen da, erregai fosilen menpekotasuna murriztuz. Azkenik, abantaila sozialak eta komunitarioak: Komunitatearen indartzea, energia ekoizpena komunitatearen esku jartzen delako eta parte-hartze aktiboa sustatzen duelako; Prestakuntza eta kontzientziazioa, energia berriztagarrien inguruko ezagutza eta kontzientzia zabaltzen duelako herrian; Energia burujabetza, kanpoko hornitzaileenganako menpekotasuna murrizten delako." Bestalde, instalazio partekatua denez, norberaren etxeko teilatua egokia ez bada, komunitate bateratuak aukera gehiago eskaintzen dituela gaineratu dute.
Azkenik, hasierako ideia azpimarratu dute: "Guretzako garrantzitsua da, kooperatiba honen sorreran ideia zen bezala, herria bizirik mantentzea eta beharrei erantzutea. Lehen gasolinaren kontua genuen, orain energiarena, eta aurrerago ikusiko dugu".