Kale edo baleko partidua jokatuko du gaur Salaberriak, Agirreren aurka

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 10a, 00:00

Iker Salaberria, artxiboko irudian.

Labriten izango da partidua, 17:15etan. Irabazten duena finalerdietara sailkatuko da. 

Bi asteko atsedenaldiaren ondoren, promozio mailako Buruz Buruko Txapelketara itzuliko da gaur Iker Salaberria goizuetarra. Final laurdenetako ligaxkako azken partidua jokatuko du Agirreren aurka, eta garaipena lortzen badu finalerdiak jokatzeko txartela eskuratuko du zuzenean. Jaialdia 17:15etan hasiko da, Labriten. 

Eskuetako minak gozatzeko tartea murriztu badiote ere, azken partiduan nagusitasunez irabaztea lortu zuen Salaberriak, eta bi aste izan ditu ondo errekuperatzeko. Agirrek, ordea, 22-8 galdu zuen jokatutako azken partidua, Iraitz Zubizarretaren kontra. 

Gustoko txapelketa da Buruz Burukoa Salaberriarentzat

Promozio mailan puntaren puntan dabil azken urteetan Salaberria, eta Buruz Burukoan ere badaki zer den finalak jokatzea, txapeldunorde izan baitzen 2022an eta 2023an. 

Azken hilabeteetan lortutako emaitza onek konfiantza emango diote goizuetarrari partidu erabakigarrian mailarik onena emateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!