Salaberriak Agirrerekin jokatuko du semifinaletarako txartela

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 27a, 00:00

Iker Salaberria, Xabat Etxegia botileroarekin hizketan, ostiralean Iurretan.

Goizuetarrak 22-14 menderatu zuen De La Fuente ostiralean, eta aurrera eginen du Agirreri irabaziz gero.

Irabazi beharrekoa zuen, eta ondo bete zituen lanak Iker Salaberriak, ostiralean Iurretan. Goizuetarrak 22-14 menderatu zuen Aingeru De La Fuente, promozioko Buruz Buruko Txapelketaren ligaxkako bigarrenean. Gauzak horrela, Asier Agirreren kontra jokatuko du semifinaletarako txartela, kale edo baleko partiduan, maiatzaren 9an Villabonan. Puntu banarekin daude goizuetarra eta iruindarra, eta haien artekoa irabazten duenak eginen du aurrera.

Horretarako, eskuko minak atzean utzi beharko ditu Salaberriak. «Zalantza askorekin» iritsi zen Iurretara, partiduaren bukaeran aitortu zuenez, bi eskuak «nahiko juxtu» zituela: «Baina uste baino hobeto bukatu dut, eta orain bi aste dauzkat errekuperatzeko» 

Parekatua izan zen partidua hasieran, baina saketik gehiago asmatu zuen goizuetarrak bigarren zatian, eta ihes egin zuen markagailuan. Xabat Etxegia herrikidea izan zuen botilero.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!