Indartsu hasi du mendi lasterketen denboraldia, aurten ere, Hodei Lujanbio goizuetarrak. Eta horretaz ohartu dira Nafarroako selekzioko hautatzaileak ere: Espainiako Txapelketa lehiatzeko deia jaso du Lujanbiok, asteburu honetarako. Ibizan jokatuko da, San Miguel de Balansat herrian.
Bihar goizean izanen du proba goizuetarrak, maila absolutuan. 28 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, goizeko 09:00etan hasita.
Esan bezala, maila absolutuko lasterketan ariko da Lujanbio, baina adinaren araberako master kategoriak ere izanen dira, eta joan den urtean bigarren sailkatu zen 40 eta 49 urte arteko gizonezkoetan.