Izenematea zabalik, Goizuetako bi mendi proba nagusietan: Goizutrail eta BTT martxa

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 12a, 00:00

Bi korrikalari, irripartsu helmugara iristen, Goizutrailen iazko edizioan. Argazkia: Felix Loiarte

10garren edizioa izanen du Goizutrail mendi lasterketak, maiatzaren 17an, 25,6 eta 10,5 kilometroko bi ibilbiderekin; eta uztailaren 5ean jokatuko da Goizuetako BTT martxa, beste bi aukerarekin: 29 edo 42 kilometro.

Korrika aurrena, bizikletan hurrena. Kirolariz beteko dira Goizuetako parajeak, bi hitzordu seinalaturekin, datozen hilabeteetan. Izan ere, maiatzaren 17an jokatuko da Goizutrail mendi lasterketa, eta uztailaren 5ean eginen dute BTT martxa. Bietarako, zabalik dago izenematea.

Ohi bezala, bi ibilbide izanen ditu Goizutrailek: 25,6 kilometroko luzea, 1.485 metroko desnibel positiboarekin; eta 10,5 kilometroko laburra, 615 metro gora eginda. Joan den urtean aldatu zuten proba luzeko ibilbidea, Eneko Elorritik aurrera egin eta Loitzate eta Beltzuntzako tontorretaraino iritsita; eta horri eutsiko diote aurten. Ibilbide laburra, berriz, betikoa izango da, Eneko Elorrira igo eta Espideko sorotik bueltatuta. Goizeko 09:00etan abiatuko dira biak, herriko plazatik. Bertan izanen dute helmuga ere. 

Ibilbidean zehar, hainbat anoa gune jarriko dituzte. Proba laburrerako, Eneko Elorrin bertan (4 kilometro) izanen da bat, eta Espideko soroan bestea. Ibilbide luzerako, berriz, bi horiez gain beste hiru ere izanen dira: Loitzaten (8,5 kilometro), Beltzuntzan (13 kilometro) eta Arriurdinetan (17,7 kilometro).

Lasterketa luzea edo laburra aukeratu, 'RockTheSport.com' atarian eman behar da izena. Proba luzerako 25 euro dira izenematea, eta laburrerako 20 euro. Bietan, 5 euroko deskontua izango dute goizuetarrek. Lasterketaren aurreko egunera arte apuntatu daiteke internet bidez, eta dortsalik geratuz gero, probaren egunean bertan ere izango da aukera, ordu erdi lehenago arte. Kasu horretan, 5 euro gehiago izanen da izenematea.

Goizuetako BTT martxa, uztailaren 5ean

Aurtengoan berreskuratuko du bere mendiko bizikleta martxa, Goizuetak. Umore Ona elkarteak hartu du antolatzeko ardura, eta uztailaren 5ean izanen da Goizuetako BTT martxa. Goizuetako plazatik abiatuko dira txirrindulariak, goizeko 09:00etan; eta bi ibilbide izanen dituzte aukeran, biak ere zirkularrak: 42 kilometrokoa bata, eta 29 kilometrokoa bestea.

Bi kasuetan, Goizuetaren inguruko mendietan barna ibiliko dira partehartzaileak. Ibilbide luzea osatzen dutenek, 1.500 metro inguruko desnibel positiboa gainditu beharko dute 42 kilometro horietan. Laburra hautatzen dutenek, berriz, 950 metro ingurukoa izanen dute desnibel positiboa, 29 kilometroetan.

Izenemate epea zabalik dago 'kronoak.eus' webgunean; eta 25 euro dira, batean zein bestean. Ekainaren 29ra arte izanen da apuntatzeko aukera. 18 urtetik beherakoek ere parte hartu dezakete proban, baina gurasoen edo tutorearen baimen-agiria aurkeztu beharko dute horretarako, egunean bertan eramanda edo aldez aurretik goizuetakoumoreona@gmail.com helbidera bidalita. Eredua eskuragarri dago izenemate plataforman bertan. Gainera, 16 urtetik beherakoek arduradun baten laguntzaz osatu beharko dute ibilbidea.

BTT martxako dortsalak probaren egunean bertan banatuko dituzte, plazan bertan, goizeko 07:45etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!