Gaur hasiko da Buruz Burukoa Salaberriarentzat

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 12a, 00:00

Gogotsu dago Salaberria.

Iruñeko Labrit pelotalekuan jokatuko du ligaxkako lehenengo partidua, Zubizarretaren aurka.

 

Duela hiru aste Binakako txapela eskuratu zuen eszenatoki berean hasiko du Buruz Burukoa Iker Salaberriak. Gaur arratsaldean ekingo dio promozio mailako ligaxkari, Labriten, Iraitz Zubizarretaren aurka.

Txapelak ematen duen indar eta konfiantzarekin hasiko du Salaberriak txapelketa berria, baina lana gogotik egin beharko du aurkariak gainditzeko. Ligaxkan, Zubizarreta III.az gain, Agirreren eta De la Fuenteren aurka jokatu beharko du. Garrantzitsua da lehenengo partiduan aldeko emaitza lortzea, ondorengo bi jardunaldietara patxada gehixeagorekin joateko. 

Martxoan Kronikari eskainitako elkarrizketan Salaberriak adierazi zuen gogotsu dagoela Buruz Buruko on bat egiteko: «Nire maila onena ematea eta lehiakorra izatea da helburua. Hori lortzen badut, badakit aukerak edukiko ditudala goran ibiltzeko. Lehenengo partidua oso gogorra izango da. Zentratuta hasi nahiko nuke txapelketa».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!