Trabuko Bidearen azken etapa apirilaren 26an izanen da

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 5a, 00:00

Oteizan hirugarren etapa amaituta familia argazkia atera zuten.

Oteizatik Iruñeara eginen dute 11,6 kilometroko ibilaldia, eta etzi irekiko da izenemateko epea.

Trabuko Bidearen hirugarrengo etapa burutu ostean, ibiltariak laugarren eta azken etapa dute begiz jota. Laugarren etapa apirilaren 26an izanen da Oteiza eta Iruñea artean. 11,6 kilometroko ibilbidea du laugarren eta azken etapak. Hiru ordu eta erdi inguruko itzulia izanen da. Irteera goizeko 09:30etan dago iragarrita Oteizako plazatik eta hamaiketakoa eta aldatzeko arropa eramatea gomendatzen da. Itzulera, 18:00etan izanen da Iruñeatik.

65 plazako autobusa izanen da Oteizara joateko eta Iruñeatik bueltatzeko. Oraingoan Urumea ibaiko bizilagunak elkarrekin joanen dira. Autobusak bide hau eginen du:

Joateko: Hernani- Ereñotzu- Goizueta- Oteiza; bueltatzeko: Iruñea- Goizueta- Hernani. Hernanin bi herrietako autobus geltokian izanen da autobus zerbitzua, 07:30etan. Ereñotzun 07:45etan hartuko ditu ibiltariak eta Goizuetan 08:30etan.

Autobusan tokirik gabe gelditzen direnak, bere kabuz autoekin moldatzen badira, parte har dezaketela garbi utzi nahi dute antolatzaileek.

Bazkaria ere antolatu dute. Geltoki jatetxean izanen da, 14:30etan, eta hemen toki gehiagorekin kontatzen dute, berez 120 lagunentzako kabida du eta ez dute arazorik aurreikusten.

Izenematea etzitik apirilaren 14ra zabalduko da 

Izena emateko epea etzi astelehenetik, apirilaren 14ra zabalduko da, 669 080 161 telefono zenbakian. Izena ematerakoan autobusa eta bazkaria behar den zehaztu behar da. Autobusa 15 euro ordaindu behar da Bizum bidez 669 080 161 telefono zenbakian eta bazkaria berriz, 35 euro. Kontzeptuan izen abizenak jarri behar dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!