Trabuko Bideko hirugarren etapa osatu dute 86 ibiltarik

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 3a, 00:00

Hirugarren etapa osatuta, laugarrena bakarrik geratzen da.

Ihabendik Oteitzara, eguraldia frexkoarekin, eurixka eta eguzkia zutela egin zuten.

Trabuko Bidearen hirugarrengo etapa burutu zuten pasa den larunbatean 86 ibiltari kementsuk. Ihabendik Iruñerriko Oteitzara, eguraldia frexkoarekin, eurixka eta eguzkia tarteka zutela osatu zuten ibilbidea. Soinak ongi estalita eta etaparen ezaugarriak eta inguruan gertatutako karlistaldietako istorioren bat azaldu ondoren abiatu ziren ttirriki ttarraka aurrera. Aurrekoan elurra izan bazen protagonista, oraingoan lokatza izan zen, «lokatz putzu batean ibiliak gara», zioten ibiltariak.

Diru faltsugileen presoak, Goizuetatik Iruñeara eramateko egindako etapa honi, garai bateko Iruñeko Errege bidea deitzen zitzaion. Urtero Nafarroatik Gipuzkoara zezenak eramateko erabiltzen zuten, zezenen unai bidea deritzen zena hain zuzen, eta Sakana aldetik Ultzama aldera zihoan erromatarren galtzada ukitzen zuen.

Lokatza protagonista izan zen ibilbidean zehar

Ibiltariak, Imotz eta Juslapeñako bailarak, suge koloretsu baten gisa igaro zituzten paraje berde eta buztintsutan barrena. 

Bide erdia eginda, 800 metroko altuerako lepoan dagoen Gorostietako San Bartolome ermita ederreko aterpean gosaldu eta denen argazkia atera ondoren, ordu bat eta erdietan iritsi ziren Ezkabako inguruetara, Berriobeitiko Oteitzara. Bertakoek arropak aldatzeko eta mokadu bat jateko elkarteko ateak zabaldu zizkieten eta tarea eginda denak pozik, Trabukoren kantarekin bukatu zuten ibilaldia, azken etapako festarako grina pentsamenduan zeukatela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!