Binakakoaren txapela jantzi du Iker Salaberriak, Andoni Gaskuerekin

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 24a, 00:00

Andoni Gaskue eta Iker Salaberria, oihu batean, larunbateko garaipena ospatzen. Argazkiak: Aspe Pelota

Goizuetarrak eta ultzamarrak «asko sufritu» behar izan zuten, finalean Egiguren eta Bikuña menderatzeko (22-18), partiduaren erdialdera abantaila haundia lortu arren. Bigarren txapela du Salaberriak profesionaletan.

Festa borobila izan zen larunbat arratsaldekoa, Iruñeko Labrit frontoian, Iker Salaberria goizuetarrarentzat: giro paregabea harmailetan, etxekoak zein lagunak gertu... eta txapela buruan. Horrelaxe amaitu zuten promozioko Binakako Txapelketaren finala, Salaberriak eta Andoni Gaskue ultzamarrak. 22-18 nagusitu ziren Julen Egigurenen eta Iñigo Bikuñaren kontra, majo sufritutako partiduan.

Beraiek nahi eta ikusleek espero baino gehiago sufrituta, partidua nola joan zen ikusita. Izan ere, erabakigarria zirudien abantaila lortu zuten partiduaren erdialdera: 17-9 izan ziren aurretik, zortzi tantoren aldearekin. Oso sendo aritu ziren bi nafarrak, erdiko zati horretan; eta peloteoan nagusituta, Bikuñaren akatsak baliatu zituzten bidea egiteko. Horrela, 4-6 galtzen izan ondoren, 13-3ko partziala lortu zuten, eta eskura zeukaten txapela, 17-9koarekin. Bidea ez zen horren xamurra izango, ordea.

Aurrerapauso bat eman zuten Egigurenek eta Bikuñak, gehiago arriskatzen hasi ziren, eta zazpi tanto egin zituzten segidan, tanto bakarrera hurbiltzeko (17-16). Tarte horretan, gainera, eskuineko eskuan min hartu zuen Gaskuek, eta gogotik sufritu behar izan zuen partiduaren bukaerara arte, nola edo hala eutsita.

Haien zorionerako, bi paretako jokaldi batek txapa behera egin zion ihes Egigureni, eta ez ziren partidua berdintzera iritsi gipuzkoarrak. Sakea bereganatuta, sendotasuna ere berreskuratu zuten nafarrek, neurri batean; eta Egigurenen hutsak eragin zituzten, 22garren tantora iristeko.

Azkenean, akats gutxien egin zituen bikotea izan zen txapeldun, eta Salaberria eta Gaskue aritu ziren sendoago. Estatistikek garbi erakusten dute hori: bien artean 18 akats pilatu zituzten Egigurenek eta Bikuñak, eta zazpi gutxiago Salaberriak eta Gaskuek (11). Egindako tantoak nabarmen gutxiago izan ziren: Bikuña izan zen tanto gehien bukatu zituena, laurekin, hiruna egin baitzituzten bi aurrelariek.

Finalaren bukaeran, Salaberriak aitortu zuen «emozio haundia» sentitzen zuela, asko kosta zaielako txapela janztera iristea: «Gaizki hasi genuen txapelketa, baina buelta eman diogu, finalera iritsi gara, eta txapela jantzi dugu. Ikaragarri sufritu dugu». Poz haundia hartu du Salaberriak, Gaskuerekin txapela lortuta: «Finalean ere erakutsi du nolako mutila den, sekulakoa. Eskua txikitu du, baina ikaragarri eutsi dio hala ere». Eta gertukoei eskaini zien txapela goizuetarrak: «Egunerokotasunean nirekin daudenentzat da txapel hau; nire haserrealdiak egunero aguantatzen dituztenentzat, ez baita erraza. Etxekoak, Leaburuko familia eta Alaitz neskalaguna».

Igandekoa bigarren txapela du Salaberriak profesionaletan, promozioko Lau t'erdikoa jantzi baitzuen 2022an. Buruz Buru ere, jokatuta dauzka bi final (2022an eta 2023an), baina ez du txapela janzterik lortu oraingoz. Ea hastear den honetan...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!