Ederra egin zuten Iker Salaberriak eta Andoni Gaskuek atzo, Labriten, promozioko Binakako Txapelketaren finalean: majo sufrituta, baina garaipen haundia eskuratu zuten Julen Egigurenen eta Iñigo Bikuñaren kontra (22-18); eta txapela jantzi zuten goizuetarrak eta ultzamarrak.
Akatsek markatutako finala izan zen, eta gutxien huts egin zuenak jantzi zuen txapela. Partiduaren erdialdera, bazirudien estuasun haundirik gabe lortuko zutela garaipena nafarrek; baina txapelketako fase guztietan bezala, azkenera arte sufritu behar izan zuten. Hasieran berdinduta izan ziren bi bikoteak markagailuan, baina ondoren 4-6 izatetik 17-9ra egin zuten ihes Salaberriak eta Gaskuek, peloteoan nagusituta eta Bikuñaren akatsak baliatuz.
Baina txapela eskura zeukatela zirudienean, pauso bat aurrera eman eta tantoak kateatzen hasi ziren gipuzkoarrak. Zortzi tanto egin zituzten segidan, eta tanto bakarrera gerturatu ziren (17-16). Zorionez, berandu baino lehen erreakzionatu zuten Salaberriak eta Gaskuek, eta orduan Egiguren izan zen zenbait akats pilatu zituena.
Atzokoarekin, bigarren txapela du Iker Salaberriak profesionaletan, promozioko Lau t'erdiko Txapelketa irabazi baitzuen 2022an. Buruz buru, berriz, bi final jokatu ditu (2022an eta 2023an), baina ez du txapela janzterik lortu orain arte.