Bisita berezia jasoko dute goizuetarrek, gaur arratsaldean: Pontx pailazo lapurtarraren ikuskizuna izanen da udaletxeko ganbaran, 17:30etan hasita. 'Bisitari' emanaldia eskainiko du Sarako pailazoak, musika, kantua, umorea, magia eta bihurrikeriak uztartuz.
Pailazo «bihurri, alai, xelebre kurioso eta ironikoa» da Pontx, eta baita zirikatzailea ere, «gezurrak bere onerako erabiltzen aditua». Bere berezitasunek mugiarazten dute alde batetik bestera, mota guztietako egoeretan murgilduz: «Lagunekin elkartu eta ongi pasatzea baino gauza hoberik ba al dago?», dio berak. Horregatik, Goizuetako lagunengana bisitan etorriko da gaurkoan, sudur gorriarekin. Ikuskizun partehartzailea da eskainiko duena, eta Pontxekin «momentu atsegin batez gozatzeko aukera» izango dute ikusleek. Haur, gazte eta helduei luzatu die bertaratzeko gonbitea: «Nahi duena etor dadila, eta besteak Horkonpontx!».