Iritsi da final haundiaren eguna. Zer moduz zaude?
Ongi nago. Eskuetatik ondo eta fisikoki inongo minik gabe. Aurreko astean partidu zail bat irabazi genuen, eta horrek ere konfiantza emango digu finalari aurre egiteko.
Azken partiduan txapelketako bikote indartsuenari irabazi zenioten, edozeinen aurka egin dezakezuenaren seinale.
Bai, azkenean lehenengo ligaxka luzean eta finalerdietan onenak eurak izan ziren, baina askotan gertatzen da hori. Niri beste urte batzuetan pasa izan zait lehenengo ligaxka luzea oso oso ona egitea eta gero finalerdietan maila ez emateagatik kanpoan geratzea. Kontrolatzen ez diren gauzak gertatzen dira, are gehiago txapelketa luze batean. Guri zortea aldeko tokatu zaigu.
Aurtengo txapelketan behetik gorako ibilbidea egin duzue bi faseetan.
Hori da, esan liteke baietz. Lehenengo itzulia ez zen ona izan, egia da gutxigatik galdu genituela hasierako partiduak, baina emaitzak ez direnean lortzen konfiantza jaitsi egiten da. Zazpi partidutik bi irabazita iritsi ginen bigarren itzulira, eta play offetara emaitza oso oso onak behar genituen. Halaxe izan zen, eta finalerdietara sartu ginen. Finalerdietako lehenengo partidua, ordea, jokatu dugun txarrena izan zen, baina hurrengo bi partiduetan garaipena lortu genuen, konpromiso oso zailak ziren arren. Orain finalean gaude eta besteek bezala txapela nahi dugu guk ere.
Nola ematen zaio psikologikoki buelta finalerdiak gaizki hasteari?
Ez dakit... Askotan dena galduta ikusten duzunean askatu egiten zara. Lehendik bizitakoak ere laguntzen du, ligaxkan lortu genuelako egoera zailari buelta ematea. Horrek konfiantza ere ematen zigun. Baina askotan, konfiantzaz gain, zorte puntu bat ere behar duzu, eta oraingoan alde tokatu zaigu. Hurrengoan baliteke lehenengo biak irabazi eta hirugarrenean kalean geratzea.
Finalari begira prestaketa berezirik egin duzu?
Prestaketa aldatzeko ez dago denborarik. Aurreko ostiralean jokatu genuen azken finalaurrekoa, eta astebete exkax geratzen zaizu finalerako. Errutinari jarraitzea izaten da gakoa, astea ahal den ondoen eramatea, kontrolpean izan dezakezuna ongi eginda. Hortik aurrera, gaur aterako da atera behar dena. Esperientziarekin burua pixka bat kontrolatzen ikasten duzu, baina beti izaten da tentsio puntu bat. Aste berezia da, polita.
Egiguren eta Bikuña izango dituzue aurrean. Ondo ezagutzen duzue elkar...
Partidu gogorra izango da, dudarik gabe. Esperientzia haundia duen bikotea da, urteak daramatzate profesionaletan, eta gogorra izango da. Bikuñak eskuinarekin tarte haundiak irekitzen ditu, eta Egigurenek oso pelota gutxi galtzen ditu eta tantoa egin behar izaten zaio. Hala ere, ikusi dugu partiduak gogortzen direnean guk badakigula jokatzen, eta hori buruan edukita joango gara Labritera.
Eszenatoki ederra da Labrit final bat jokatzeko, ezta?
Bai, oso polita da frontoia gainezka ikustea. Kirolaria horrelako partiduak jokatzeko prestatzen da, eta badakigu tentsio haundia egongo dela kantxan. Txapela dago jokoan, sekula ez da erraza txapelak lortzea, eta ilusio haundia egiten dit finala jokatzeko aukera izateak. Gogotsu nago dena emateko.
Astean zehar materialarekin gustura zaudela entzun dugu.
Bai, ez dago aitzakiarik. Sei pelotak onak dira, gureak bizixeagoak ematen dute eurenak baino, baina materialarekin konforme gaude.
Goizuetarrek ez dute hutsik egingo gaur. Herrian ilusioa sumatu duzu?
Aurretik finalen bat jokatuta ikasten duzu egoera eramaten eta kudeatzen. Ez da erraza izaten, osagai asko nahasten dira kontrolatzen zailak direnak. Horrelakoetan pelotaria saiatzen da bere gauzak egiten, gehiegi pentsatu gabe. Suposatzen dut ilusioa egingo ziela herritarrei, badakit jendea etorriko dela animatzera eta ahalik eta ongien pasatzera. Ea guk arratsalde on bat ematen diegun eta txapela eramaten dugun etxera.