Elurretan barna gainditu zuten 'Gaizkileen muga' larunbatean, Trabuko Bidearen bigarren etapan

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 19a, 00:00

Elurretan barna, paraje ederrak bisitatu zituzten Trabuko Bidearen bigarren etapan.

Inguruak zuri-zuri eginda, paraje ederretatik barrena ibili ziren, Leitzatik Ihabenerako bidean. 

Parajea zuri-zuri zegoela osatu zuten larunbatean Trabuko Bidearen bigarren etapa, Leitzatik Ihabenera. Arriskutsua izateko ospea daukan 'Gaizkileen muga' gainditu zuten goizuetarrek. 

Bi etapa osatu dituzte jada Arainburu Mendi Taldeko kideen eskutik, eta guztira 90 lagunek hartu dute parte ibilaldietan. Lehenengo etapan Leitzalarreko mendietako baso eta larreak pasa, eta Leitzako sakanera jaitsi ziren. Bigarren etapan, berriz, Erasoteko bailaran barna, Ireber mendiaren magalean dagoen Oringo iturrira igo ziren, eta  Beruete eta Jauntsaratseko goi-zelaietara jaitsi ondoren, Ihabenen bukatu zuten ibilbidea. 

Bide erdia egin eta gailurra gainditu izana ospatu zuten, Ihabengo elkartekoek eskainitako ongietorri beroarekin eta hamaiketakoarekin. Giro ederrean, 'Goizuetan bada gizon bat' kantatuz bukatu zuten etapa.

Martxoaren 29an, hirugarren etapa

Orain, gelditzen diren beste bi etapek eramango dituzte parte­hartzaileak Basaburuako lurre­tatik Imotz eta Iruñerrikoetara. Hirugarren eta­pa martxoaren 29an egingo dute, Ihabenetik Oteizarako bidea burutzeko. Sei orduko ibilbidea izango da, eta izenematea zabalik dago martxoaren 24a bitarte. Apuntatzeko 669 080 161 telefono zenbakira deitu behar da. Malda 'gaiztorik' gabe, herri politez eta bide lasa­iaz disfrutatzeko aukera ederra eskainiko du datorren etapak ere.

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!