Irabazi beharreko partidua dute gaur Salaberriak eta Gaskuek, Senarren eta Eskirozen aurka

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 14a, 00:00

Finalera sailkatzeko partidua irabazi behar dute Salaberriak eta Gaskuek.

Gaur erabakiko da promozio mailako Binakako Txapelketako finala. Idiazabalen jokatuko dira azken bi partiduak, 20:45etan hasita.

 

Finalerdietako azken jardunaldira bizirik iritsi dira Iker Salaberria goizuetarra eta Andoni Gaskue. Lehenengo partiduko porrotarekin asko zaildu zen bikotearen ibilbidea, baina gaur Idiazabalen Senarri eta Eskirozi irabazita finalean egoteko aukera haundiak izango dituzte. 

Bikote gogorrena izango dute gaur aurrean. Ligaxka luzea lehenengo postuan amaitu zuten Senarrek eta Eskirozek, eta finalerdietako bi partiduetan ere garaipena lortu dute. Hortaz, norgehiagoka zaila espero du Salaberriak: «Partidu gogorra izango da, finalerdi guztiak bezalaxe. Ligaxka luzean lehenengo postuan sailkatu ziren, eta nahiko argi ikusi zen bikote onena eurena zela. Hala ere, orain denok hasi gara zerotik». 

Aurkarien dohainei buruz galdetuta, bi pelotarien maila goraipatu du goizuetarrak: «Eskirozek urte asko daramatza bigarren mailako atzelari onena izaten, eta Senarrek ere asko erakutsi du profesionaletan daraman tarte laburrean». Dena den, bera eta Gaskue amaierara puntu onean iritsi direla nabarmendu du: «Esango nuke ez gaudela gaizki. Egia da finalerdietako lehenengo partidua oso txarra egin genuela, baina bigarrenean beharrezko garaipena lortu genuen. Gaurkoa beste final bat izango da, eta gogotsu gaude gauzak ondo egiteko». 

Partidua irabazita ere, Egiguren V-Bikuña/Zubizarreta III-Morgaetxebarria partiduko emaitzari erreparatu beharko diote, sailkapenean bi puntuko berdinketa hirukoitza geratuko litzateke eta. 

Konfiantzarekin doaz Idiazabalera Salaberria eta Gaskue, orain arte egindakoa borobiltzera: «Partidu konplikatua dela badakigu, eta gaizki ateratzen bada lasai geratuko gara egindako lanarekin. Hori bai, finalean egon nahi dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!