Goizuetako Arainburu mendi taldeak Trabuko bidea antolatu du Patziku Perurenaren Goizuetan bada gizon bat liburua oinarri hartuta. Goizuetatik Iruñerako bide zaharra berreskuratzea da helburua, 1747. urtean izandako istorio baten pausuak jarraituz.
Otsailaren 22an egin zuten lehenengo etapa: Goizuetatik Leitzara, eta bertan, 65 mendizalek egin zuten Trabuko Bideko lehengo etapa. Larunbata honetan, martxoaren 15ean, bigarren etapa eginen dute mendizaleek eta 60 lagunetik gora eman dute izena. Lehenengo etapan baino jende gehiagok hartuko du parte, seguruenik, Leitza eta Ihaben arteko 19,5 kilometrotako ibilbidean.
Irteera puntura denok autoz joan behar dutela zehaztu dute Arainburu Mendi elkartetik. Leitzara autoz eta partaideen artean autoak partekatzeko gomendioa luzatzen da.
Irteera goizeko 08:00etan Leitzako plazatik izanen da eta bost ordu inguruko itzulia izatea espero da. Itzulera 14:30etan eginen da Ihabenetik autobusez. Hamaiketakoa eta aldatzeko arropa eramatea gomendatzen da.
Hirugarren etapa Ihaben eta Oteiza artean, martxoaren 29an
Hirugarren etapa ere prestatu dute Arainburuko kideek. Martxoaren 29an izanen da Ihaben eta Oteiza artean. 19 kilometroko ibilbidea du bigarren etapak eta irteera goizeko 08:00etan dago iragarrita Ihabengo plazatik. Itzulera, 14:30etan izanen da Oteizatik.
Izena emateko epea ez dago oraindik zabalik. Martxoaren 17tik martxoaren 24ra arte egonen da aukera, 669 080 161 telefono zenbakian, eta pertsona kopurua mugatua izanen da, 55 pertsonetara oraingoan.
Irteera puntura, Ihabenera, autoz izanen da eta buelta Oteizatik autobusez eginen da Ihabenera. Autobusa 10 euro ordaindu behar da Bizum bidez 669 080 161 telefono zenbakian. Kontzeptuan izen abizenak jarri behar dira eta etaparen izena. Izena ematerakoan onartua zaudela ziurtatu behar da.