Nafarroako 17 pilota klubek prentsa ohar bat zabaldu dute UPNk eta PSOEk Euskal Selekzioa nazioarteko txapelketetan onartzearen aurka agertu duten jarrera salatzeko. Sinatzaileen artean dago Goizuetako Umore Ona taldea. Hona hemen ohar osoa:
«Behean sinatzen dugunok gure ezinegona eta haserrea adierazi nahi dugu UPNk eta PSOEk Iruñeko Udalean eta Nafarroako Parlamentuan hartu duten jarreragatik. Alegia, Euskal Federazioak nazioarteko txapelketan parte hartu ahal izatea gaitzesteko mozioa, Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioak adierazi bezala.
Zentzugabekeria eta oso jenio txarrekoa iruditzen zaigu pilotaren gaia ariete politiko gisa erabiltzea. Ez dakigu beste gai garrantzitsuago batzuk ez ote dituzten konpontzeko, baina lotsagarria da gure bozeramaile izan nahi izatea, gu ezertarako kontuan hartu gabe.
Gure ustez, pilotari batek, klub batek erabakitzen badu Espainiako Federazioarekin jokatzea, kirol edo diru aldetik hobetzearen alde, eskubide osoa du egiteko. Baita Euskal Federazioarekin jokatzekoa ere. Oso erraza da. Pilotariaren onena bilatzea, klubaren onena. Kirolean haztea...
Jakitun gara zer dakarten politika zorrotz eta atzerakoi hauek, duela 25 urte zoritxarrez ondorioak utzi zituztenak. Federazioa meloi bat bezala zatitu zuten. Egoera horretatik denok atera ginen galtzaile: pilota, pilotariak, klubak eta Federazioa. Gezurra dirudi politika negargarri horietan tematzea.
Pilotaren alde denok norabide berean arraun egin beharrean, gu modu zakarrean erabiltzen gaituzte etekin politikoak ateratzeko. Egun osoa frontoian ematen dugunok erabaki behar dugu zer den onena pilotarentzat, pilotarientzat, klubentzat eta federazioarentzat».