Goizuetarrek ez dute elizan babes hartuko, bide zaharretik Iruñera iristean...

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 15a, 00:00

Trabuko Bidea prestatzeko lana gustura hartu dutela aitortu dute Miel Joxe Lekuonak eta Joxe Jabier Etxeberriak.

Gaur zortzi egingo dute Trabuko Bidearen aurreneko etapa, Arainburuk antolatuta, Goizuetatik Leitzara. 40 lagun baino gehiago daude izena emanda, Miel Joxe Lekuonak eta Joxe Jabier Etxeberriak prestatutako ibilbideaz gozatzeko. Lau etapa izango dira guztira, eta azkenekoaren ondoren, behin Iruñera iritsita, ondo ospatzea da plana.

Oso plan berezia prestatu du Arainburu Mendi Taldeak datozen bi hilabeteetarako. Goizuetatik Iruñerako ibilbidea diseinatu dute Miel Joxe Lekuona eta Joxe Jabier Etxeberria goizuetarrek, Trabukoren eta Berdabioren kondairari jarraituz, eta 'Goizuetan bada gizon bat' liburuan Patziku Perurenak jasotako datu eta kontuak erreferentzi gisa hartuta.

Lau etapatan egingo dute ibilbidea, eta gaur zortzi hasiko dute, otsailaren 22an, Goizuetatik Leitzarako zatia osatuta. Martxoan egingo dituzte hurrengo biak, 15ean eta 29an. Eta azkenekoa, berriz, apirilaren 26rako daukate aurreikusita. Iruñera iritsiko dira, baina goizuetarrek ez dute elizan babes hartuko, Berdabiok egin omen zuen bezalaxe. Bestelako plana daukate buruan, ibilbidearen bukaera ondo ospatzeko.

Kontuak kontu, aurreneko etaparako izenematea zabalik dago oraindik, 669 080 161 telefonora deituta, astelehenera arte. Gogoa pizteko makina bat istorio, xehetasun eta bitxikeria aipatu dizkiote Lekuonak eta Etxeberriak, Kronikari.

 

Datorren astean hasiko duzue ibilbidea. Dena prest?

Miel Joxe: Bidea hor egongo al da, behintzat? Biderik ez ikutu orain, e! (barrez)

Joxe Jabier: Jendeak erakutsi du interesa. Autobusa osatu da, eta beharbada haundiagoa eskatu beharko dugu. Gure helburua zen inguruko jendea animatzea eta martxan paratzea, eta erantzuna polita izan da.

M.J.: Akaso mendizaletasun haundi-haundirik ez dago Goizuetan, eta ez da erraza izaten jende kopuru haundi xamarra batzea. Baina honek, izenagatik edo, eragin du zerbait. Xarma piztu du. Oraingoz 40tik gora gaude izena emanda. Ez dakigu denek egingo dituzten lau etapak, agenda kontuak sartzen direlako tartean. Batzuk azkenekora bakarrik apuntatuko dira akaso...

 

Gauza bitxia da, Goizuetan mendizaletasun haundirik ez izatea...

M.J.: Beti mendian bai, baina aldapa horiek igotzea kosta egiten baita!

J.J.: Goizuetarrak gehiago izan gara zaleak biltzekoak: onddo bila, arditara...

 

Nola sortu zen Trabuko Bidea egiteko ideia?

M.J.: Arainburu Mendi Taldean, bilerak egiten ditugu tarteka, eta horietako bat izaten da urteko egutegia osatzeko, hilean behin irteera bat egiteko behintzat. Ibilbideak errepikatu nahi ez, eta Joxe Jabierrek bota zuen, 'Trabukoren bidea egin behar genuke'. Eta komentatu genuen, polita behar zuela, baina nondik hasi? Horrelako zirikatuz hasi ginen pixkanaka. Ordurako berak bazekien zein herritatik paseak ziren, Patziku Perurenaren liburuagatik. Eta pentsatu nuen, inorri ezer esan gabe joan behar nuela, ikustera nola zeuden bide haiek...

 

Mendizaletasuna eta historia uztartuko dituzue.

J.J.: Baziren kondaira batzuk, garai batean, Berdabion bazela altxor bat, ahuntzak pasatzen zirela eta hankapean hartzen zutela, eta horrelako kontuak. Gerora, Mikel Laboak kantatu zuen 'Goizuetan bada gizon bat', eta pixka bat famatu zuen Trabuko. Nor ote zen Trabuko hori? Eta ondoren Patziku Perurenak argitaratu zuen liburua, kontu horiek zehaztuz, eta ikusi zen istorio txiki horien atzetik bazela dezenteko mamia. Diru faltsua, preso batzuk... Horri tiraka hasi ginen, zein ibilbide egiten ote zuten preso haiek Goizuetatik Iruñera eramateko. Kontu-liburuetako erreferentziak dira daudenak, baina adierazten dute gauza franko: zenbat ziren, non jan zuten, gertatutako bitxikeriak... Polita iruditu zitzaigun zein bide egin zuten asmatzea, eta bide hura berreskuratzea.

M.J.: Gastuak zein herritan egin zituzten, herri horietatik pasako gara gu ere. Beraiek egiten ote zuten guk egingo dugun ibilbide bera? Ez dakigu. Goizuetatik Leitzara seguru baietz. Leitzatik aurrera, nik hiru ibilbide ezberdin probatu ditut. Aurrenekoan, mendi altuenetik egin nuen, Ireberretik. Baina gero, pentsatu nuen ez zeukala logikarik. Patzikuren liburuak dioenez, ia egun bat behar izan zuten Goizuetatik Leitzara, eguraldi txarra zela eta. Orduan, mendi altuenetik ez ziren joango gero... Bilatu nuen beste bide bat azpitik. Bigarren saiakeran, oso bide polita aurkitu nuen, Aldatzen barna, Ihabenera. Baina tramo asko daude zikinak, eta ez da egokia jende askorekin joateko. Hirugarrenean topatu nuen bide bat, erosoena eta motzena, eta bertatik egingo dugu. Ihabenetik Iruñera, seguraski gure bidetik joango ziren haiek ere, azpi-azpitik. Bidea oso polita da, pagadi askorekin.

J.J.: Herri asko pasako ditugu, oso politak. Gaur egun, bideak aldatu direnez, denak joaten gara Irurtzunen eta Lekunberrin barna. Baina herri txiki asko daude inguruan. Garai batean, oinez mugitzen zirenean, horiek guztiek 'gasolinera' funtzioa beteko zuten. Gainera, paraje ederrak dira horiek guztiak.

 

Gehiena xendetatik osatzeko moduan zarete?

M.J.: Bai bai, errepiderik ia ez dugu ikutu ere egiten. Tramo txiki bakarra dago, Ihabenetik Etxalekura. Gainerakoan, errepideak zeharkatu bai, baina ez gara horietatik ibiliko. Ni ere harritu nintzen. Pentsatzen nuen, zer aurkitu behar ote nuen bide haietan. Baina segi eta segi, eta zuzen-zuzen topatu nuen Iruñerako bidea, ia dena garbi-garbia.

J.J.: Trabukoren istorioan ere, nabari da bidea errazagoa eta seguruagoa zela Ihabenetik aurrera. Bederatzi guardia joan baziren haraino, lau presorekin, hiru erregidorerekin, mandazainekin... Bidai guztietan, Ihabenen guardien erdiak bueltatu egiten ziren, eta gainerakoek jarraitzen zuten aurrera. Ikusten da puntu berezia zela hori. Gainera, bertan elkartuko ziren Eratsun, Saldias edo Labaiendik datozen bideak, Leitzakoarekin.

 

1747ko hartan, hala ibiliko ziren haiek ere, bide motzenaren eta errazenaren bila.

J.J.: Bide zuzenak dira, herriz herri. Kontuetan azaltzen da, non geratu ziren bazkaltzera eta lotara. Ihabenen egin zuten bide erdia, eta gerora Otsakarretik pasa ziren. Herri horietatik pasata, bide zuzena egiten duzu Iruñera. Negu giroan egin zutenez, bide errazenak eta babes gehienekoak bilatuko zituzten. Udaran joango ziren Labaiendik, Eratsundik... Badira aukera ezberdinak. Goizuetatik ateratzea konplikatu xamarra da, ingurunea menditsua baita; eta garai bateko eraikin batzuek badute beraien zentzua. Eratsungo Asura jauregia, adibidez, zergatik dago halako tokian? Oso bakartia da toki hura, zer egiten du halako etxetzarrak han? Baina Eratsunera edo Labaienera joateko, bidea bertatik pasatzen zenez, behar zen benta bat puntu horretan. Bideak ez daude nolanahi asmatuta, herri batetik bestera joateko.

M.J.: Mapetako izenek ere ematen dituzte erreferentziak. 'Camino Real de Goizubieta', adibidez. Alde horretara jotzeko joera gehiago ote zegoen ba? Leitzara gehiago kostatzen da, mendiak altuagoak dira eta.

J.J.: Hizkuntzak ere ematen du pistarik. Goizuetako hizkerak antza haundiagoa du Eratsungoarekin eta Saldiaskoarekin, hitz batzuetan bereziki, Leitzarekin baino. Leitzakoak Tolosaldeko kutsua dauka gehiago. Beraz, Trabukoren istorioan Leitzatik jo zuten, baina hizkuntza aldetik badirudi joera gehiago izan zitekeela Eratsun aldera. Hori guztia aztertzeko daukat oraindik! (barrez).

 

Hizkuntzarena bada erreferentzia bat, garai bateko sareak irudikatzeko.

J.J.: Bai, Goizuetatik iparraldera ere ikusten dugu. Hizkuntza aldetik, Oiartzunekin lotura gehiago dauka Goizuetak, Hernanirekin baino. Baziren bideak Hernanira, baina Pasaia, Lezo eta Oiartzungo hizkerarekin antzekotasun gehixeago izan du Goizuetakoak, eta pentsatzekoa da harreman gehiago izango zutela. Gauza bitxia da.

M.J.: Azken finean, oinez ibiltzen zirenez, Goizuetatik gertu dago Oiartzun. Bidea erraza da, kasik aldaparik gabe.

J.J.: Pentsa zeinen gertu dagoen Arano Goizuetatik, baina ezberdintasun haundia dago. Aranotik asko jotzen dute Hernani aldera. Urrutira joan gaitezke guzti honekin. Bide kontuak dira, garai bateko autopistak!

 

Goizuetatik Iruñerako bidea berreskuratuko duzue. Zer nolako garrantzia zeukan garai batean?

J.J.: Bidea nahiko zuzena eta logikoa da, oso erabilia izateko. Badira beste dokumentu batzuk, bide hori erakusten dutenak, Berueten barna. Ez dira azaltzen erreferentzi bezala lau herri, kasu honetan bezala. Baina hortik dijoa, Eratsun eta Beruete ingurutik. Eta erraztasunagatik, ez dijoa kaxkoetatik, bailaratik baizik. Izan du bere inportantzia Goizuetatik Iruñerako bideak. Bada mapa bat, XVI. mendearen erdialdekoa, Valladolideko artxiboan gordeta dagoena. Bertan ageri dira Donostia, Pasaia, Irun, Hondarribia, Errenteria... Eta bidea dago markatuta Errenteriatik Goizuetara, eta bertatik Iruñera. Mapa horretako irudia ere erabili dugu Trabuko Bidearen fitxaren diseinuan. Beraz, historikoki badu tradizioa Goizuetatik Iruñerako bideak. Kontua da bide asko daudela, eta eguraldiaren arabera, bat edo beste erabiliko zuten.

M.J.: Egingo dugun ibilbidean, kartel ugari daude esanez 'kañadak' direla, ganadua eramateko baliatzen zituzten bideak. Bertako jendearentzat horixe izango zen ohiko bidea, Ihabenetik Iruñera, inguruko herri guztietatik. Arrunt garbi daude oraindik, gainera.

 

Lau etapatan banatu duzue Trabuko Bidea. Nolakoak izango dira etapa horiek?

M.J.: Zalantza izan genuen, hiru etapatan egin edo lautan. Baina hirutan egiteak eskatzen zuen azkenekoa luze xamarra izatea, 33 kilometroko ingurukoa. Beraz, lautan egingo dugu. Aurreneko hirurak antzekoak izango dira, 17-20 kilometro bitartekoak. Goizuetatik Leitzarakoak izango du desnibel gehien, beste biek gutxiago. Eta azkeneko etapa, Oteitzatik Iruñerakoa, laburragoa izango da, 12 kilometro ingurukoa. Eta aprobetxatuko dugu Ezkaba mendira igotzeko. Kontua da, ziurrenik gero Iruñea barnean luzatuko zaigula gero buelta, beste estiloko mendi martxa batekin (barrez). Otordu batekin ospatuz bukatzea da asmoa.

 

Hitz egin dugu historiaz. Joxe Jabier, zehaztu al duzu zer kontatuko diezun ibilbidean zehar?

M.J.: Hau kontatzen hasten bada, ez gara iritsiko! Pentsa, Iberon hasiko gara, eta bertako dorrearekin nahiko kontu badauka kontatzeko! (barrez).

J.J.: Orain aipatutakoez gain, bada kontu bat niretzako berria eta kuriosoa izan dena: xehetasunak bilatzea, egoeran jarri eta irudikatzea, nola joaten ziren eta nola eramaten zituzten preso haiek. Gainera, Patzikuk ez zuen landu aurreneko liburu hartan, eta orain jorratu du, argitaratu berri duen liburuan. Badaukagu non bilatua, kontu horiek argitu nahi baditugu. Itxura denez, presoak zaldi gainean eramaten zituzten. Iritsi ziren Iruñera, Berdabiok zalditik salto egin zuen, eta sartu zen elizako hegal baten azpira. Horrek erakusten du tipo jakintsua zela. Bertara sartzea zen kontsulatu batean sartzea bezala, eta elizaren babesa zeukan horrela. Kartzelara eraman zuten, baina elizaren babesarekin, eta erreklamatu egin zuen epailearen aurrean. Arrazoia eman zioten, eta handik urtebetera aske utzi zuten. Lau kontutatik atera nuen hori dena, eta horrek eramaten zaitu bilatzen jarraitzera, zer ote zen elizaren babes hori, adibidez.

 

 
Miel Joxe Lekuona eta Joxe Jabier Etxeberria, Trabuko Bidean parte hartuko dutenei emango dieten fitxarekin.
 
 

Lan ederra hartu duzue biok, baina gustuz hartutakoa izan da...

J.J.: Bai bai, zalantzarik gabe. Ni ez naiz Miel Joxe bezain mendizalea, baina elkarri kutsatu diogu gure zaletasuna. Berak lan haundia egin du bideak bilatzen eta irekitzen, eta hori guztia janzten baduzu toki bakoitzeko kontuekin, are politagoa da.

M.J.: Ibilbide honekin, Joxe Jabierrek badauka bilaketarako gaia. Izan ere, herrixka horietan etxe zahar eta ederrak daude, eta horien atzean historia dago.

 

Ez da kasualitatea ibilbide hau prestatu izana. Hernanitik Goizuetara egin zenuten ibilbidea izan zen Arainburu Mendi Taldea sortzeko hazia.

M.J.: Bai, polita izango litzateke Hernanitik Iruñera osatzea bidea. Badira aterpeak, gainera. Ibilbidea markatzeko ere balegoke aukera.

J.J.: Bada proiektu bat orain, Nafarroako Gobernutik datorrena, ibilbideen sare bat egiteko. Hiru eskualde sartuko dira, Ultzama, Basaburua eta Mendialdea. Hiruen artean xenda sare bat egitea da asmoa, puntu batetik edozein tokitara joateko aukera emango dizuna, ez soilik puntu batetik bestera, GRak bezala. Sare itxura izango du, eta oso proiektu polita da. Eta aldi berean, herri bakoitzak aukera izango da sare horretan sartzeko interesatzen zaizkion ibilbideak eta ondarea. 

 

Trabuko Bidea bera ere markatu liteke...

M.J.: Polita izango litzateke, baina horretarako adostu behar duzu beste herriekin ere. Ibilbide erraza da, oso paraje politetatik. Jateko toki askorik ez dago, baina lotarako bai, herri guztietan. Kanpotik etorri zaigu jendea, tracka eskatuz, Oiartzundik adibidez. Haiek Berdabiotik egin nahi dutela. Baina oraindik ez diegu eman, guk egin arte ez.

 

Zergatik 'Trabuko Bidea' izena? Trabukok berak ez zuen egin bide hura...

J.J.: Erreferentzia gisa errazagoa zelako Trabuko jartzea. 'Marketing' kontua izan da (barrez). Berdabio baserri bat da, eta Berdabio Bidea izena jarriz gero, nahasgarria izan zitekeen, handik abiatzen ote zen. Kantarekin, Trabuko lotzen da Goizuetarekin, abestiaren hasieran aipatzen baititu. Identifikatzen errazagoa zen. Baina polemika izan da horrekin! (barrez).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!