Goizuetako Arainburu mendi taldeak Trabuko bidea antolatu du Patziku Perurenaren 'Goizuetan bada gizon bat' liburua oinarri hartuta. Goizuetatik Iruñerako bide zaharra berreskuratzea da helburua, 1747. urtean izandako istorio baten pausuak jarraituz.
Perurenaren liburuak dioenez, bazen Goizuetan Trabuko izeneko gizon bat, 1747an Berdabio eta beste 4 gizon salatu zituena diru faltsua egiteaz leporatuta.
Auzi hori frogatzeko joan etorrietan, presoak, frogak eta informazioa Goizuetatik Iruñera eraman behar izaten zuten. Pentsatu daiteke ez zela edonolako bidea garai hartan Iruñeraino joatea. Bide honetan presoek hainbat zinegotzi, guarda eta mandazai, beraien zaldiekin batera, izan zituzten bidelagun.
Istorioa oinarri izanda, Trabuko bidearekin goizuetarrek herritik Iruñerako bide zaharra berreskuratzea dute helburu. Lau etapatan osatuko dute bidea eta liburuan ageri diren herrietatik barrena igarotzea da asmoa.
1747ko pasarteak: Berdabio eta presoen joan etorriak
Mendi taldeko kideek azaldu dute 1747an izandako pasarteak nolakoak ziren. Aditzera eman dutenez, guztira hiru bidai egin zituzten 1747ko abenduaren 22tik 1748ko otsailaren 7ra bitarte. Bidai horietan parte hartu zuten, besteak beste, Berdabio eta beste preso lagunek. Hiru joan etorri egin zituzten guztira. Lehenengo bidaian Berdabio eta beste hiru preso Iruñeko Errege kartzelara eraman zituzten. Bigarren bidaian, bosgarren presoa eraman zuten Iruñeko kartzela berera, eta azken bidaian, auzi honen frogak osatzen zituen informazioa, moldeak eta tresnak eraman zituzten Iruñera.
Lau etapa, lau asteburutan
Lau etapa izanen ditu Trabuko bideak, eta etapa guztiek ibilbide ezberdina izanen badute ere, badituzte informazio orokorreko zenbait puntu amankomunean. Lehenik eta behin, etapa bakoitzaren hasierako puntura norberak bere kabuz joan beharko du, eta autoak partekatzea gomendatu dute. Bukaera puntutik hasierara, berriz, autobusa izanen dute mendizaleek.
Etapa bakoitzak bere izen-ematea edukiko du, epe jakin batean. Etapa guztiak gaindituta, bazkaria egingo da Iruñeko herrikoan.
Bestalde, etapa bakoitzaren bukaeran zigilua emanen zaio ibilbidea amaitzea lortu duenari, Iñaki Etxeberriak egindako kredentzialean txertatzeko.
Etapak zehaztuta daude: lehenengoa otsailaren 22an izango da, Goizuetatik Leitzara; bigarrena martxoaren 15ean, Leitzatik Ihabenera; hirugarrena martxoaren 29an, Ihabenetik Oteizara; eta laugarrena apirilaren 26an, Oteizatik Iruñera.
Otsailaren 22an, lehenengo etapa
Otsailaren 22an eginen dute lehenengo etapa. Larunbataz irtengo dira goizuetarrak Leitzarako bidean. Goizeko 8:00etan elkartuko dira mendizaleak herriko plazatik, eta sei orduko itzulia izanen dute aurretik. Itzulera eguerdiko 14:30etan eginen dute Leitzatik. Antolatzaileek hamaiketakoa eta aldatzeko arropa eramatea gomendatu dute.
Zailtasun mailari dagokionez, nahiko ibilbide zaila izanen dutela aurreratu dute mendi taldekideek: 17,4 kilometro eginen dituzte guztira, eta 5 ordu eta 44 minutuko ibilbidea izanen dela aurreikusten dute, goranzko 910 metroko eta beheranzko 600 metroko desnibelarekin.
Izen-ematea eta ordainketa
Trabuko bidean parte hartu nahi duenak izena eman beharko du, 669080161 telefono zenbakira deituta. Deiak eguerdiko 14:00etatik 19:00etara bitarte onartuko dira, eta etapa bakoitzean pertsona kopurua mugatua izanen da: 40 herrikide elkartu ahal izanen dira gehienez. Lehenengo etapan apuntatzeko epea otsailaren 3tik 17ra bitarte izanen da.
Autobusarentzat 10 euro ordaindu beharko ditu parte hartzaile bakoitzak. Bizum bidez egin behar da ordainketa, eta izena ematerakoan onartua egotea ziurtatu behar da. Pertsona bakoitzak 669080161 zenbakira bidali beharko du bizuma, 'izen abizenak eta etaparen izena' kontzeptua erabilita.