Markel eta Julen Salaberriak ezin izan zuten finala irabazi

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 8a, 00:00

Markel eta Julen Salaberria, azpitxapeldun Beotibarren.

Goizuetarrek Miguel Soroa txapelketako jubenilen finala jokatu zuten, baina 18-15 galdu zuten Julen Etxaniz eta Hugo Figueroaren aurka.

Beñat Apezetxeak garaipena lortu zuen Miguel Soroa memorialeko finalean, baina ez zen goizuetar finalista bakarra izan. Markel eta Julen Salaberria anai bixkiek jubenilen finala ere jokatu zuten. Hori bai, ez zuten zorte bera izan eta partidu on bat jokatu arren, 18 eta 15 galdu zuten Julen Etxaniz eta Hugo Figueroaren aurka.

Atzelariak protagonistak

Partidu hasieran bikote bakoitza oso ondo aritu zen bere pilotarekin eta atzelariak ziren protagonista. Aurrelariak noizbehinkako kolpe batzuk jotzen zituzten, baina ez ziren apenas jokoan sartzen. Partidu erditik aurrera gehiago nagusitu ziren Etxaniz eta Figueroa.

Hala ere, goizuetarrak ez zeuden amore emateko prest. Markel Salaberria jokoan gehiago sartu zen eta lortu zuten partidua estutzea. Erremate ederrak ikusi ziren amaiera aldera, baina azkenean 18-15 galdu zuten goizuetarrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!