Goizuetatik Iruñerako bide zaharra berreskuratu nahian, 'Berdabio'ren pasarteari tiraka

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 27a, 00:00

Joxe Jabier Etxeberria eta Miel Joxe Lekuona, Goizuetako Zubi Haundian. Argazkia: Igaratza Apezetxea

'Trabuko bidea' osatu dute Arainburu Mendi Taldeko Joxe Jabier Etxeberriak eta Miel Joxe Lekuonak, Goizuetatik Iruñera, lau etapatan banatuta. Patziku Perurenaren 'Goizuetan bada gizon bat' liburuko datuak hartu dituzte oinarri. 2025eko udaberrian eginen dute taldean.

Goizuetan badira bi gizon, aspaldidanik bizi dutenak mendiaren eta historiaren arteko lotura estua. Eta oraingoan, beste koxka bat egin dute gora, bide horretan: 'Trabuko bidea' osatu dute Joxe Jabier Etxeberriak eta Miel Joxe Lekuonak, Goizuetatik Iruñerako bide zaharra berreskuratu nahian. Alderdi historikoa landu du Etxeberriak, eta zati teknikoaz arduratu da Lekuona.

Ibilbidearen izenak ematen du pistarik, ekimenaren jatorriaren inguruan: 'Berdabio'ren pasarteari tiraka aritu dira Arainburu Mendi Taldeko bi kideak, Patziku Perurenaren 'Goizuetan bada gizon bat' liburuan oinarrituta. Izan ere, Goizuetatik Iruñera preso eraman zuten 'Berdabio', beste hiru lagunekin batera, diru faltsua egitea leporatuta. XVIII. mendeko kontua da hori.

70 bat kilometroko ibilbidea izanen da guztira, eta lau etapatan banatu dute proposamena: Goizuetatik Leitzara aurrenekoa, bertatik Ihabenera bigarrena, Oteitzaraino hirugarrena, eta Iru­ñera bitartekoa laugarrena.

Ibilbidea diseinatzeko, 'Berdabio'ren pasarte hori hartu dute bidelagun, eta bertan ageri diren herrietan barrena osatu dute, nahiz eta liburuan ez den aipatzen nondik egin zuten Iruñerako bidea. Lan horretan aritu da Lekuona, hainbat saiakera eginez, bide egokiena topatu arte.

 

Goizuetatik Iruñerako bidearen lehen aztarnak, XVI. mendekoak

'Berdabio'ren pasartean oinarrituta hasi zuten ibilbidearen marrazketa, baina lehenagokoak di­ra bide horren aipamenak. Hori ikertua zeukan Etxeberri­ak, proiektu honi ekin aurretik ere. 1557ko 'Caminos entre Guipúzcoa y Navarra' mapan, esaterako, dagoeneko agertzen da Errenteria Iruñearekin lotzen zuen bidea, Goizuetako erdigunetik pasatzen zena. Esan liteke mapa horretan agertzen direla 1500etik aurrera Goizuetatik Iruñera erabiltzen zuten bidearen aurreneko aztarnak.

 

Ibilbide osoa taldean egiteko asmoa, 2025eko udaberrian

'Trabuko bidea'ren nondik norakoak zehaztuta, ibilbidea taldean osatu nahi dute orain. Izan ere, hortik abiatuta jarri zuten martxan proiektua: Arainburu Mendi Taldearen irteeretako batean, Etxeberriak bota zuen proposamena, 'Trabuko'ren bidea ere egin beharko zutela noizbait, eta Lekuonak gustura heldu.

2025eko udaberrian egin nahi dute 'Trabuko bidea', hiru asteburutan banatuta, taldean dena jarraian egitea zaila baita. Hori horrela, asteburu batean egin nahiko lukete aurreneko etapa, beste batean bigarren etapa, eta hirugarren asteburu batez beste biak, hirugarrena eta laugarrena, bidean lo eginda. 20 kilometro ingurukoak dira aurreneko hiru etapak, bost ordu pasatxotan egitea aurreikusten dutenak; eta laburragoa azkenekoa, 12 kilometrokoa.

Ibilbidean zehar, Lekuonak eginen ditu gidari lanak, berak osatu baititu 'Trabuko bidea'ren trackak; eta azalpen historikoak emanen ditu Etxeberriak.

Aurrerago zehaztuko dituzte datak eta xehetasunak, baina nahiko lukete herritarrak animatzea eta festa bat izatea. Gainera, ibilbide osoa bukatzean, akreditazio bana emanen diete partehartzaileei, pergamino moduko bat. Bertan jasoko dute ibilbidearen azalpen historiko laburra, 'Trabuko'ren abestia eta etapen deskribapena. Gainera, beste detaile polit bat ere badaukate buruan: zigiluak jartzeko txoko bat ere jaso nahiko lukete akreditazio horretan, eta ibilbidea pasatzen den herri nagusietako udalekin hitz eginen dute, haien zigilua jartzerik izanen luketen jakiteko.

 

Hortik aurrera, herritarrek bere kaxa egiteko aukera?

Azken batean, Donejakue Bideak egiten duen modura baliatuko lituzkete zigiluak, akreditatzeko mendizaleak pasa direla herri horietatik. Eta Donejakue Bidearekin gertatu bezala, nork bere kaxa egiteko aukera izatea ere gustatuko litzaieke. Hasiera batean Arainbururen irteera berezi gisa planteatu zuten, baina behin taldean eginda, gustatuko litzaieke trackak eskuragarri jartzea, eta nahi duenak bere kabuz egin ahal izatea.

 

Goizueta Hernanirekin lotzen zuen bidearekin hasi, eta Iruñera iritsi

Esanahi berezia dauka proiektu honek Arainbururentzat, taldearen sorrerari erreparatzen badiogu. 2019ko urrian jarri zuten horren hazia, Hernanitik Goizuetarako bide zaharra ezagutzeko ibilaldia egin zutenean, Joxe Jabier Etxeberriak berak gidatuta. Talde polita elkartu zen irteera hartan, eta bertaratuek aipatu zuten bazegoela mendi talde baten beharra. Hainbat bileraren ondoren, otsailean sortu zuten Arainburu Mendi Taldea, bost batzordekiderekin: Olatz Zabala, Patxi Etxeberria, Naroa Zugarramurdi, Mirari Etxegia eta Igaratza Apezetxea. Irteera errazak antolatu zituzten hasieran, Goizuetako mendi eta txokoetan, haurrekin egiteko modukoak eta ondarearekin lotutakoak. Taldearen martxari beste buelta bat eman zioten 2023an, batzorde aldaketarekin: Olatzek eta Naroak utzi egin behar izan zuten, baina Joxe Jabier Etxeberria, Miel Joxe Lekuona, Alvaro Legarreta, Ibai Zugarramurdi eta Eder Aguilar batu ziren taldera, eta bakoitzaren trebezien arabera banatu zituzten ardurak.

Orain, Umore Ona elkartearen atala da Arainburu, eta elkarteak emandako dirulaguntzari esker egiten diete aurre irteeren gastuei, taldearen helburuak betetzeko: ezagutzea bertako mendiak eta txokoak, ondarea eta historia, toponimia... Borondatez eta muxutruk, gustura eta «egiten dugun horretan sinetsiz» ari dira lanean, adin guztietarako intereseko irteerak antolatuz. Eta horien artean, Arainbururen bosgarren urteurrena jantzi eta zirkulu bat itxiko duena: Hernanitik Goizuetarako bide zaharrari segida eman, eta Iruñera eramanen dituena.

 

'BERDABIO'REN PASARTEA

'Trabuko bidea' osatu dute, lau etapatan banatuta, Goizuetatik Iruñerako bide zaharra berreskuratu nahian.

Patziku Perurenaren 'Goizuetan bada gizon bat...' liburuko datuak erabili dituzte; 'Berdabio'ren pasartekoak, hain juxtu. Hiru bidaiek osatzen dute pasarte hori:

 

1go bidaia: 'Berdabio' eta beste hiru preso, Iruñera

1747ko abenduaren 22tik 1748ko otsailaren 7ra bitarte jasotako datuak

Joseph Echegaray ('Berdabio') eta beste hiru lagun preso eraman zituzten, diru faltsua ('diciocheznos') egiteagatik

1. eguna: Erregidore eta guardiek lau presoak eraman zituzten, zazpi zalditerirekin; eta Leitzan egin zuten geldialdia, ekaitzarengatik.

2. eguna: Antsoainera iritsi ziren, Ihabenen bazkalduta.

3. eguna: Iruñera iritsi ziren. Bi egunez gelditu ziren bertan, Berdabiok elizaren asiloa hartu zuelako.

5. eguna: Iruñetik Goizuetara bueltan abiatu ziren, baina Otsakarren gelditu ziren lotan, berandu atera zirelako.

6. eguna: Otsakarretik abiatu, Ihabenen bazkaldu eta Goizuetara iritsi ziren egun bakarrean.

 

2. bidaia: Amitesarobe (bosgarren presoa), Iruñera

Lau egunetan egin zuten joan-etorria, Goizuetatik Iruñera eta buelta, Ihabenen lo eginez.

 

3. bidaia: Eskribau eta erregidore bana

Auzi horren informazioa, moldeak eta tresnak eramatera joan ziren Goizuetatik Iruñera. Goizeko 05:00etatik abiatu ziren Goizuetatik, eta gauean Leitzara iritsi, ekaitza tarteko. Hurrengo egunean iritsi ziren Iruñera, Ihabenen bazkalduta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!